Aurkezpena
EITB Maratoiak esklerosi anizkoitzaren ikerketa bultzatuko du 'Geldiezinak gara/ Somos Imparables' lelopean
EITB Media
EITB Maratoiak euskal gizarte osoa batu nahi du esklerosi anizkoitzari aurre egiteko "Geldiezinak gara/Somos imparables" lelopean, eta erronka berri bat proposatuko die hiritarrei: jantzita, dutxaren azpian bustitzea, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren gaia, eta Geldiezinak gara / Somos imparables lelopean egingo du EITBk gaitzaren ikerketa bultzatzeko elkartasun kanpaina.
Jatorri ezezaguna duen gaixotasun honek 2.600 laguni baino gehiagori eragiten die Euskadin, eta ez du sendatzeko tratamendurik. Horren aurrean, EITBk esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzan azpimarra jartzeko deia egin du, eta erronka berria proposatuko dio euskal gizarteari: jantzita, dutxaren azpian bustitzea, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz, Geldiezinak garela erakusteko helburuarekin.
Osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan eta esklerosi anizkoitzaren gaixo eta senideen elkarteekin batera, EITB Maratoiaren elkartasun kanpaina aurkeztu du EITBk ostegun honetan (irailak 29).
Bilboko Casilda Iturrizar parkean egindako ekitaldian hauek egon dira: Javier Ormazabal, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen presidentea; Marian Ibarrondo, Osasun Saileko BIOEF Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Isabel Octavio, EITBren Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria, eta Mari Carmen Gandiaga, duela 30 urte esklerosi anizkoitzarekin diagnostikatu zuten gaixoa.
Kukai dantza taldearen ikuskizunak eman dio amaiera ekitaldiari. EITB Maratoiaren kanpainaren baitan proposatuko den erronkaren harira, dantzariek Casilda Iturrizar parkeko iturriaren inguruan eta barruan dantzatu dute "Euritan dantzan" abestia.
Kukai dantza taldearen ikuskizuna.
Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu gisa, hiritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, abenduaren 15ean amaituko den informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutuz. Dohaintzak egiteko hainbat bide irekita daude jada: Bizum eta kontu korronteen bidez eman daiteke laguntza. Informazio osoa EITB Maratoiaren webgunean dago eskuragai.
EITB Maratoiaren edizio berri honekin, EITBk parte hartze aktiboa bilatuko du gizartearen eraldaketan. Izan ere, osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea da EITB talde publikoaren betebeharra.
Esklerosi anizkoitzaren ezaugarri orokorrak
Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun autoimmunea da, eta garunaren eta muinaren berezko hanturan datza. Efektu horren ondorioz, nerbioak eta mielina galtzen dira, eta horrek nerbio-sisteman orbainak ugaritzea eragiten du.
EA kronikoa, konplexua, endekapenezkoa, heterogeneoa eta aldakorra da. Pertsona bakoitzarengan modu ezberdinean agertzen da, eta haren sintomak motaren eta intentsitatearen araberakoak dira. Heldu gazteetan agertzen da, eta desgaitasun ez traumatikoaren lehen kausa da adin tarte horretan. Ez du sendabiderik, eta ez da ezagutzen zerk sortzen duen.
Euskadin, 2.600 pertsonek dute esklerosi anizkoitza, eta 55.000 pertsonak baino gehiagok, Espainiako estatuan. Horietatik % 75 emakumeak dira. Diagnostikatutako kasuak 2,5 aldiz biderkatu dira azken 20 urteetan, eta bost minuturo, gaixo berri bat diagnostikatzen dute munduan.
EITB Maratoia euskal gizarte osoaren elkartasun proiektua
EITB Maratoia euskal gizarte osoari zabaldutako proiektua bilakatu da, eta 20 urte baino gehiago daramatza hiritarren partaidetza zuzena bilatzen.
Euskal gizartearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, orain arte bildu den dirua minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak ikertzeko proiektuak finantzatzeko erabili da, besteak beste.
BIOEF Berrikuntza, Ikerketa, eta Osasuna Eusko Fundazioaren bitartez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara. BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute.