Alzheimerra
EITB Maratoiak alzheimerrari buruzko zortzi ikerketa proiektu lagundu ditu, 1.104.477 eurorekin
EITB Media
2021eko kausa solidarioa izan zen gaitzari buruzko lan horien oinarri eta funtsa azaldu dituzte zenbait ikertzailek EITBren egoitzan izandako topaketan. Halaber, EITBk jakinarazi du minbizia izango dela 2023ko EITB Maratoia elkartasun kanpainaren gaia.
EITB Maratoiak, BIOEF berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren bitartez, 2021eko kausa solidarioa izan zen alzheimerraren gaineko zortzi ikerketa-proiektu lagundu ditu, 1.104.477 eurorekin.
Proiektu horien arduradun diren Carlos Matute (Achucarro Basque Center), Elena Alberdi (Achucarro Basque Center), Alfredo Ramos (IIS Biocruces Bizkaia), Miren Altuna (Cita Alzheimer Fundazioa), Iñigo Gabilondo (IIS Biocruces Bizkaia), Rafael Rodriguez (UPV/EHU), Izaro Kortazar (IIS Bioaraba) eta Lorea Blazquez (IIS Biodonostia) ikertzaileek azaldu dute zeintzuk diren proiektuok, ostegun honetan, martxoaren 2an, EITBren Bilboko egoitzan izan den topaketan. Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak eta Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak ere parte hartu dute aurkezpenean.
Ikerketa-lan hauek, oro har, alzheimerraren hainbat alderdi jorratzen dituzten askotariko proiektuak dira, hala nola, gaixotasunaren biomarkatzaile berriak identifikatzea, tratamendu berriak bilatzea edo horien jatorria ikertzea, adibidez. Down sindromean alzheimerra ikertzeko ekimen bat ere badago eta baita funtzio bisuala aztertzen duen lan bat ere, gaixotasunak fase goiztiarretan aurrera egingo duela iragartzeko. Halaber, Tau proteinaren hedapenaren kontrol inhibitzailea frogatzeko ikerketa-proiektu bat dago, eta gaixotasunaren eragin sozial, kliniko eta ekonomikoa eragina izan dezaketen diagnostiko zehatzak garatzera bideratutako azterlanetan ere badabiltza.
BIOEFen bidez bideratzen da EITB Maratoiaren dirua ikerketa proiektuetara. Behin diru-bilketa itxita, ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du BIOEFek eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituzte. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute.
Marian Ibarrondok azaldu duenez, EITB Maratoiak bildutako funtsekin egindako ikerketaren helburua "gaixotasun honetan ezagutza handiagoa sortzeko bultzada izango da, diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko eta pertsonengana iristeko tratamendu erreal bihurtzeko: Osasun Sailak egunero lan egiteko duen helburua".
Marian Ibarrondo
Gainera, Ibarrondok azpimarratu du ekimen honek herritarrak ikerketaren garrantziaz eta parte hartzeaz kontzientziatzeko balio duela. "Euskadin osasun-ikerketarako ekosistema aberatsa dugu, euskal osasun-sistema publikoaren inplikazio handiarekin. 3.000 ikertzailek baino gehiagok, gehienak Osakidetzakoak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, zentro teknologikoekin eta bikaintasuneko ikerketa-zentroekin lankidetzan dihardute, osasun-ikerketako institutuek koordinatuta (Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune). Gaixotasuna dutenen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko ikertu nahi dugu", azaldu du.
Maratoia elkartasun kanpainaren gaia
Bestalde, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak aurtengo EITB Maratoiaren gaia iragarri du: "Erabaki dugu minbizia izatea kausa. Oraindik, leloa mamitu gabe daukagu, gizartearekin batera egin nahi ditugun ekintzak ere oraindik lantzeko, baina EITB Maratoiaren gaia zabaldu nahi dugu dagoeneko. EITB Maratoiaren bidez zientzia gizartera hurbildu nahi dugu eta, horrez gain, gaixotasunaren inguruan sentsibilizatu eta informatu; herritarrekin partekatu nahi dugu ikerketak duen garrantzia bizi-kalitatea hobetzeko eta minbiziaren biziraupena handitzeko".
Isabel Octavio
EITB Maratoia euskal gizarteari irekitako proiektu bihurtu da, eta herritar guztien parte-hartze zuzena bilatzen du, funtsezko bi ildoren bidez: batetik, gaixotasunaren ikerketara bideratutako dirua biltzea, eta, bestetik, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egitea.