Aukera Berriak
EITB Maratoiaren erronka solidarioan parte hartzeko aukera, ostiral honetan, Leioan eta San Mamesen
EITB MEDIA
Leioako Artea saltokian 'Aukera Berriak' abestiaren bideoa grabatzeko txokoa jarriko da, 18:00etatik 20:00etara. Athletic Club vs RC Celta partidaren atsedenaldian, berriz, San Mamesen bildutako zaleek aukera izango dute erronka solidarioan parte hartzeko, ETSren abestiaren erritmora eskuak altxatuz
EITB Maratoia 2023
2023ko EITB Maratoiak hartu du martxa. Abenduaren 14an izango da egun handia; halere, ohi bezala, aurretik, badago aukera dohaintzak egiteko (BIZUM: 33478) eta kanpainarekin bat egiteko. Hain zuzen ere, bi hitzordu nagusi ditugu ostiral honetan, azaroak 10, Leioako Artea saltokian eta Bilboko San Mames zelaian.
18:00etatik 20:00etara, Eroskiren Arteako saltokian (Leioa) Aukera Berriak abestiaren bideoa grabatzeko txokoa jarriko da. Bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute eskuak altxatu eta ikerketaren alde kantua abestu eta dantzatzeko. Ekipo batek grabatuko ditu bideoak. Eroskiren zentimo solidarioa ekimena, gainera, EITB Maratoiari bideratuta dago azaroaren 3tik.
Horrez gain, 21:00etan hasiko den Athletic Club vs RC Celta partidaren atsedenaldian, San Mames futbol zelaian bildutako zaleek aukera izango dute EITB Maratoiaren erronka solidarioan parte hartzeko, ETSren "Aukera Berriak" abestiaren erritmora eskuak altxatuta. Irudiak grabatu egingo dira.
Minbiziaren Aurka Aukera Berriak
Aurtengo edizioan minbizia da kausa, Minbiziaren Aurka Aukera Berriak leloarekin. Kanpainari soinu banda jarri dion abestia, nola ez, ETSren "Aukera Berriak" da; eta aurtengo erronka, berriz, abesti horren erritmora eskuak altxatzea. Jada igo daitezke bideoak EITB Maratoiaren webgunera Zure bertsiorik onena atalera.
Gainera, nahi duenek dohaintzak* egiteko aukera du jada, BIZUM (33478) bitartez.
* BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara.