EITB Maratoiari saria
EITB Maratoiak Mugarik Gabeko Bihotzak elkartearen Bihotz Solidarioa saria jaso du Gasteizen
EITB MEDIA
Datorren astelehenean emango dira jakitera 2024ko EITB Maratoiaren nondik norakoak. Aurten 25. urteurrena betetzen duen ekimen solidarioa gaixotasun kardiobaskularrei eskainita egongo da.
Mugarik Gabeko Bihotzak elkarteak antolatutako Bihotzaren Astearen baitan, Bihotzaren Espainiako Fundazioaren laguntzarekin, Bihotz Sariak banatu dituzte ostegun honetan, irailak 26; besteak beste, EITB Maratoiak Bihotz Solidarioa golardoa jaso du bertan. Ismael Diaz de Mendibil Radio Vitoriako eguerdiko "Araba Gaur" irratsaioko editoreak hartu du saria, EITBren izenean.
Sari banaketako familia argazkia
Mugarik Gabeko Bihotzak elkartea hainbat jarduera egiten ari da aste honetan Arabako hiriburan, gaixo, senide, herritar eta, oro har, osasun-profesionalek eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkarien partaidetzarekin. Ekimen guztiak hilaren 29an izango den Bihotzaren Mundu Egunarekin eta Mugarik Gabeko Bihotzak erakundearen 20. urteurrenarekin bat datoz. Hain zuzen ere, elkartearen 20. urtemuga ere gogora ekarri dute ostegun honetako sari-banaketan. Bihotzaren Mundu Eguna osasun kardiobaskularra zaintzearen garrantziari buruzko deialdi globala da. Aurten, Use heart for action lelopean, herrialde bakoitzari eskatzen zaio gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko estrategia nazionalak garatzeko.
EITBk, bestalde, datorren astelehenean, irailak 30, jakinaraziko ditu aurtengo EITB Maratoiaren nondik norakoak. Hain justu, EITB Maratoiak 25. urteurrena ospatuko du aurten eta gaixotasun kardiobaskularrak izango ditu hizpide.