Kronologia
EITBren 40 urteko historian barrena, irudi eta bideoen bitartez
EITB Media
EITBk timeline edo denbora-kronologia bat estreinatu du, azken lau hamarkadetako mugarri eta gertaera garrantzitsuenekin.
Ostiral honetan, maiatzak 20, Eusko Legebiltzarrean Irrati Telebista Publikoa Sortzeko Legea onartu zenetik 40 urte bete diren honetan, EITBk 40 urteko historiaren atzera begirada bota du. Horretarako, timeline edo denbora-kronologia bat estreinatu du, azken lau hamarkadetako mugarri eta gertaera garrantzitsuenak bildu dituena. Oroitzapenen bilduma honek denboran zehar bidaiatzera gonbidatu eta beste garai batzuetara eramango gaitu, programa, aurpegi eta emanaldi nabarmenen bitartez. Urte luze hauetan EITB nola garatu eta eraldatu den erakutsiko du timeline-ak, euskal gizartearen garapenaren, izaeraren eta historiaren parte aktiboa bihurtuz.
Testu, argazki eta bideoen bidez, timeline-a EITBren historian barrena dabil urtez urte, 1982an sortu zenetik 2022ko ildo estrategiko berrietaraino. Urtero, sei-hamar mugarri garrantzitsu nabarmendu dira, gaur egun EITB den bezala egin eta eratu duten mugarriak, hain zuzen ere. Lehenengo emisioak, lehen programak, kirola eta marrazki bizidunak; programazioaren bilakaera irratian eta telebistan; ahots eta aurpegi ezagunenak; nazioarteko emisioak; kanpaina eta promozio nagusienak; digitalizazioa eta formatu eta euskarri berrietara egokitzea... Laburbilduz, denbora honetan zehar, EITB izan denaren errepaso bat egin du timeline-ak, eta garai oso bat markatu zuten telebistako eta irratiko gertaera gogoangarrienak bildu ditu.
Kronologia euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatu ahal da eitb.eus-en. EITBren historian zehar nabigatzeko aukera ematen du, lau hamarkada hauetan zehar euskal gizartearen isla izango den argazki- eta bideo-artxibo baten bidez.
EITBrekin batera, beste euskal erakunde batzuek ere beteko dituzte 40 urte 2022an, tartean Euskadiko Orkestrak. Orkestrak, gainera, fanfarria bat sortu du EITBren 40. urteurrena ospatzeko, Xabier Otaolearen eskutik. Musika pieza horrek lau hamarkada hauetan telebista eta irratian entzun ditugun doinu ezagunak hartu ditu oinarri, guztion oroitzapenean gorde diren saio eta telesail kuttunen sintoniak. Halaber, azaroaren 11n, Euskadiko Orkestrak kontzertu berezia eskainiko du Donostiako Kursaalen, EITBren 40. urteurrena ospatzeko.
EITBk 40 urte
1982ko maiatzaren 20an legea onartuta, EITB komunikazio taldea sortzeko lehen urratsak ematen hasi zen Eusko Jaurlaritza. Batetik, Iurretaren ETBko egoitzan lan egingo zuten profesionalek trebakuntza teknikoko ikastaro bat egin zuten Alemaniako Studio Hamburgo ekoiztetxean. Bestetik, beste profesional talde bat Euskadi Irratia abian jartzeko lanean hasi zen Donostiako Andia kalean.
Azaroaren 23an, Euskadi Irratia saioak ematen hasi zen eta ETBren lehen emanaldia, berriz, abenduaren 31n izan zen, Elene Lizarralde eta Mari Jose Insaustiren eskutik.
Urte horretan bertan, Arabako Radio Vitoria irratia EITBn integratzeko izapideak egin ziren, eta 1983ko martxoaren 31n Radio Euskadi abiarazi zen. 1990eko martxoaren 31an ibilbideari ekin zion Euskadi Gazteak, gazteentzako musika edo irrati-formulako irratsaioa.
Lehen hamarkada hartan ere mugarri izan ziren ETB2ren sorrera, 1986ko maiatzaren 31n, telebista publikoaren zerbitzua osatuz, eta Miramongo ekoizpen-zentroaren inaugurazioa, 1987an, barne produkzioko programak grabatzeko.
90eko hamarkadan EITBk leihoa ireki zuen mundura Galeusca TV eta ETB Sat kanal berrien eta www.eitb.com webgunearen bitartez. Hasieran Galiziako eta Kataluniako telebistekin batera (Galeusca TV) eta ondoren bakarka (ETB Sat eta Canal Vasco), EITBren telebista zein irratiak Amerikara heldu ziren lehendabizi eta Europara ondoren, satelite bidez. Gaur egun, EITBren nazioarteko telebista kanalak EITB Basque du izena.
Nazioarteko zabalkundea ere posible izan da Internet bidez: eitb.eus-ek eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioek komunikazio taldeko edukiak nonnahi eta noiznahi kontsumitzeko aukera eskaintzen dute.