Itxi

#EKIN_aniztasuna

LGTBIQ+ kolektiboaren egoeraz protagonisten eskutik, gaur gauean ETB1eko "Aske Bizi" erreportajean

EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Madariagak norberaren sexu izaeraz, erreferenteen garrantziaz, egungo gizartearen ikuspegiaz, maskulinitate ezberdinez, norbanako eta kolektiboaren ibilbideez zein beraien harrotasunaz hitz egingo du hainbat protagonistarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, "Aske Bizi" erreportaje berezia eskainiko du ETB1ek EITBk abiatutako #EKIN_aniztasuna kanpainaren eskutik. Ekainaren 28a LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta harrotasunaren ibilbide honetan anitzak dira bizipenak eta adierazpenak. Saioan ezagutuko ditugun pertsonek hizki ezberdinak erabiltzen badituzte ere, helmuga bera dute, aske bizi eta maitatu nahi dutela aldarrikatzea

Xabier Madariaga Idirin aurkezleak gidatutako erreportajean, LGTBIQ+ kolektiboak gaur egun bizi duen egoera ezagutuko dugu. Horretarako, aitzindariek bide honetan irabazi dituzten eskubideei buruz hitz egingo digute. Chelo Pumar Mendezek, 76 urteko lesbiana, eta Eduardo Gaviña Marañonek, Yogurinha Borova izenez ezagunagoa, azalduko digute hori. Beraien esperientziak, beraien garaietan kokatuta. Barne zein kanpo borrokez eta ordutik lortutakoez eta egitekoez mintzatuko dira. 

Azken boladan, gero eta gehiago dira gertatzen -edo behintzat azaleratzen- diren erasoak. Iker Ibarretxe izango dute saioan, bi hilabete pasa dira erasotua izan zenetik Zornotzako 43 urteko gizona. Erasoaren berri eman, nola dagoen kontatu eta gizartea nola ikusten duen azalduko digu.  

Egun ere badaude beren borrokak aurrera eraman dituztenak, bakoitza bere etxetik hasi eta espazio ezberdinetara bideratu dituztenak. Hauek beren sexu izaera nola bizi duten azalduko digute: Olatz Salvador Zaldua, abeslari eta bollera; Brayan Altimasberes, trans mutila; Iñigo Etxezarreta Toca, genero disidentea; June Fernandez Casete, kazetari bibolloa, edota Sumaira Escudero Dutra, bisexual eta ezbitarra. 

Norberaren sexu izaeraz, erreferenteen garrantziaz, egungo gizartearen ikuspegiaz, maskulinitate ezberdinez, norbanako eta kolektiboaren ibilbideez zein beraien harrotasunaz arituko dira "Aske Bizi" saioan, gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

#EKIN_aniztasuna 

Aste osoan, EITBren hedabideek LGTBIQ+ mugimenduarekin bat egingo dute telebistan, irratian eta Interneten eduki bereziak eskainiz eta LGTBIQ+ mugimenduaren errealitateari eta aldarrikapenei ikusgarritasuna emango diete. 

Denetariko pertsonek lekua duten gizarte ireki eta anitz bat eraikitzeko bidean, aniztasuna abantaila gisa ulertzen du EITBk. Egungo gizartean, muturreko jarrerak pisu handia hartzen ari dira, eta aniztasunaren aberastasuna lantzea gizarte-kohesioaren eta elkartasunaren alde egiteko estrategia da. Hartara, euskal gizartearen transformazio prozesuan, EITBren parte-hartze aktiboa bultzatzea du helburu #EKIN_aniztasuna ekimenak, ezberdintasunak alde batera utzita, batzen gaituenaren alde lan egiten duen gizartea eraikitzeko.

 

 

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)