Itxi

Aitortza

Aldaketa klimatikoaren inguruko EITBren 'Artikorik Kantaurira' bereziak Prismas sari entzutetsua lortu du

EITB MEDIA

EITBko lantalde bat Artikora joan zen, berotze globalaren zero gunera, han gertatzen denak hemen nola eragiten digun erakusteko; beste lantalde batek gure kostaldean heldu dion gairi. #EKIN_klima kanpainari lotuta egin zen saio berezia, EKIN_Transformazioa ekimenaren barruan.

'Artikorik Kantaurira'

EITBren Informazio Zerbitzuak zorioneko daude. Izan ere, 2023ko azaroan #EKIN_klima kanpainaren esparruan egindako Artikotik Kantaurira saio bereziak Prismas saria lortu berri du, "Ozeanoei buruzko sentsibilizazio- eta dibulgazio-proiektu onena"ren esparruan. Sari horiek Coruñako Museo Zientifikoen ekimena dira, kultura zientifikoaren hedapena saritu eta arlo horretan lan egiten duten profesionalen lana aitortzeko. Hain zuzen ere, bideo, hedabide berriak eta ozeanoen inguruko sentsibilizazio eta dibulgazio proiektuak saritzen dituzte. Kasu honetan, EITBko Informazio Zerbitzuen erreportaje berezi sortari egin dio aitortza epaimahaiak.

Dubaiko COP28 goi-bileraren harira egin zuten EITBko albistegiek Artikotik Kantaurira, 2023ko azaroan. #EKIN_klima egitasmoaren barruan antolatutako jarraipen berezia izan zen, eta klima-aldaketaz eta horrek eragiten dituen inpaktuez informatzea eta sentsibilizatzea zuen helburu. Itsasoan eta gure planetako ozeanoetan jarri zuten fokua. Horretarako, EITBko lantalde batek Artikora egin zuen bidaia, berotze globalaren zero gunera, zazpi eguneko misioan. Zehazki, Ozeano Artikoko Svalbard uhartedian eta Groenlandian izan ziren Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arduraduna, profesional lantalde batekin: Amane Iglesias, Pablo Darío Rodriguez, Lide Zubia eta Itxaso Amezaga. Nerea Reparaz eta Juan Carlos Etxeberria ere Tromson (Norvegia) aritu ziren Gaur Egun eta Teleberri albistegietan.

Egunero gai bat jorratu zuten: berotze globala, biodibertsitatea, muturreko fenomeno meteorologikoak, arrantza, etorkizuna eta giza mugimenduak… Artikoan gertatzen denak Kantauri itsasoan zein eragin duen erakusteko, gaiek han izan zuten abiapuntua, eta Kantauri itsasoan bukaera, gure kostaldean gaia landu zuen bigarren lantaldearen eskutik. Horri lotuta, EITBko zenbait albistegi kostaldetik egin ziren: Hondarribitik ETBko Gaur Egun eta Teleberri; eta EHUren Plentziako Itsas Estazioan Euskadi Irratiko Faktoria eta Radio Euskadiko Boulevard saio bereziak. Sare sozialetan ere jarraipen bereziki zabala izan zuen ekimenak, euskarri horietarako espresuki sortutako edukien bitartez. Orain_berriak Instagram kontuan eta EITBren sare sozialetan jarraitu ahal izan ziren edukiak. Erreportajeak ikusgai daude, EITBren webguneko Nahieran atalean.

EITBren informazioa zerbitzuek azaroaren 16an jasoko dute Prismas saria, Coruñan.

Gizartean aldaketak sustatzeko helburua duen #EKIN_Transformazioa ekimenaren barruan egindako kanpaina da #EKIN_klima. Izan ere, gizartea eraldatzeko eragile gisa, eta 2030 Estrategiaren barruan, EITBk arreta jarri nahi du gure etorkizunerako funtsezkoak diren gaietan, besteak beste, kliman, euskal gizartearen erronkak gure ardatz ere badirelako.

EITB EKIN: Gizarte transformazioan EKINean!

#EKIN_klima

Albisteak (2)

Informazio gehiago (3)