Prismas saria
EITBko Albistegi Zerbitzuek Prismas sari entzutetsua jaso dute 'Artikotik Kantaurira' saio berezi sortagatik
EITB MEDIA
EITBko Albistegi Zerbitzuen talde-lan ikusgarriak "Ozeanoei buruzko sentsibilizazio- eta dibulgazio-proiektu onena"ren saria jaso Coruñako udaletxean egin den ekitaldian.
EITBk zorioneko jarraitzen du. Joan den ostegunean Ondas sari bana jaso dute Euskadi Irratiko Faktoria magazina irratsaioak eta M11: martxoko lau egun dokumental sailak; eta asteburu honetan bertan Prismas saria ere jaso dute EITBren Informazio Zerbitzuek. Zehazki, 2023ko azaroan #EKIN_klima kanpainaren barruan egindako Artikotik Kantaurira bereziari eman diote Ozeanoei buruzko sentsibilizazio- eta dibulgazio-proiektu onenaren golardoa. Coruñako udaletxean egin den ekitaldian, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arduradunak hartu du saria, eta alboan izan ditu Ozeano Artikoko Svalbard uhartedian eta Groenlandian lagun izan zuen profesionalen lantaldea: Amane Iglesias, Pablo Dario Rodriguez, Lide Zubia eta Itxaso Amezaga, baita Maite Amundarain ETBko Albistegietako zuzendaria ere.
Coruñako Museo Zientifikoen ekimena dira Prismas sariak, kultura zientifikoaren hedapena saritu eta arlo horretan lan egiten duten profesionalen lana aitortzeko. Hain zuzen ere, bideo, hedabide berriak eta ozeanoen inguruko sentsibilizazio eta dibulgazio proiektuak saritzen dituzte. Oraingo honetan, EITBko Informazio Zerbitzuen erreportaje berezi sortari egin dio aitortza epaimahaiak.