Aliantza
EuskarAbentura espedizio ibiltariko kideei harrera, EITBn
EITB Media
Aurtengo ekimenaren babesle izan dugu EITB eta esperientzia herritarrekin partekatzeko saioa ekoizten ari da PRIMERAN plataformarako. Abentura amaitu bezperan, Bilboko egoitza ezagutzeko aukera izango zuten parte hartzaileek.
Euskarabenturako kideak EITBko harreran uztailaren 30ean
EITB bidelagun izan dute EuskarAbenturaren zazpigarren edizioko kideek, uztailaren 1ean Atharratzen hasi zen eta 31n Getxon amaitu den bidaiaren nondik norakoak biltzen dituen saioa egiten ari baitira PRIMERAN plataformarako. Abentura amaitu bezperan (uztailaren 30ean), espedizioa osatu duten 126 gazteek eta haien begiraleek ikus-entzunezko taldearen egoitza nagusia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, eta bertako profesionalek nola lan egiten duten ikusi.
Euskara oinarri izango dituen harreman berriak eraikitzen laguntzea da EuskarAbenturaren helburua, Euskal Herria alderik alde gurutzatzen, egunerokoaren gora-beherak bizitzen eta txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean.
PRIMERANen ikusgai dugun saio bereziaren bitartez, gazte horien esperientzia gizarte osoarekin partekatu nahi du EITBk eta, bide batez, euskaldunen sareak elikatzen jarraitu. Lehen bi atalak jada ikusgai daude, hirugarrena abuztuaren 7an igoko da eta azkena, hiru saioen bilduma izango dena, irailaren 25ean argitaratuko da.
Harrerako argazkiak ikusgai daude EITB Taldea atarian.