EITB KULTURAREKIN
Operaren hilabetea izango da iraila ETB2n
EITB Media
Opera gizartera hurbiltzeko helburuz bultzatutako ekimena EITB eta ABAO Bilbao Operak egin dute, elkarlanean. Igandero opera muntaia entzutetsuak izango dira ikusgai: "Don Pascuale" (irailak 7), "Anna Bolena" (irailak 14), "Rigoletto” (irailak 21) eta "La Boheme" (irailak 28).
"Don Pascuale" operaren irudia
Operaren hilabetea izango da iraila ETB2n. Lau titulu entzutetsu izango ditugu ikusgai, igande goizero, 09:30ean, ABAO Bilbao Opera eta EITBren elkarlanari esker. Bi erakundeak batzen dituen ikus-entzunezko proiektu handiaren emaitza da.
Lehenengo emankizuna igande honetan izango da, irailaren 7an eta "Don Pascuale" izango dugu ikusgai. Irailaren 14an "Anna Bolena" emango da, irailaren 21ean "Rigoletto" eta 28an "La Boheme". Emanaldi guztiak PRIMERAN streaming plataforman izango dira ikusgai, igandetik aurrera.
Emankizunok ABAO Bilbao Operaren zuzendaritza artistikoko taldearen eta EITBko ekoizpen eta errealizazio taldearen arteko lankidetzari esker gauzatu dira, Bilboko denboraldietan opera eta errezitaldi batzuen grabazioan orain arte egindako esperientzietan oinarrituta. Emanaldi berriak indartu egingo du ABAO Bilbao Operak opera gizarte osora hurbiltzeko duen bokazioa. Halaber, EITBk kulturarekin eta kalitate handiko edukiak transmititzeko berrikuntza teknologikoen garapenarekin duen konpromisoa sendotuko du.
Atariko gisa, maiatzean ABAO Bilbao Operaren denboraldiari amaiera eman zion Verdiren "Otello" operaren emanaldia emititu zuen ETBk, zuzenean, Bilboko Euskalduna Jauregitik.