Itxi

Euskal Zinema, Garena

EITBk bere onena emango du Zinemaldian, presentzia handituz

EITB

Leer en Castellano

Hiru momentu garrantzitsu izango ditu: Euskal Zinemaren Gala Handia, EITB Gala eta hitzordu profesionala. Kursaal ondoko EITBren gune berezian argazki-sinadurak eta telebista zein irrati saioak egingo dira, eta hilaren 24ko "Gaur Egun" eta "Teleberri" Victoria Eugeniako terrazatik.

EITB, Zinemaldian

Euskal zinemak presentzia historikoa izango duen 73. Donostian Zinemaldiaren erakusleiho izango da EITB . Hartara, kultur hitzordu garrantzitsu honi eskaintzen dion babesa indartzearekin batera, ikus-entzunezko sektorearekin eta industriarekin duen konpromisoa berretsiko du EITBk beste behin.

Hain zuzen ere, aurtengo Zinemaldian izango diren 38 euskal ekoizpenetatik 25tan hartu du parte EITBk, eta horietako hiru Sail Ofizialean aurkeztuko dira: batetik, Maspalomas eta Karmele filmak; bestetik, "Zeru Ahoak", ETB1en eta PRIMERANen irailaren 28an estreinatuko den fikziozko seriea.

Ostiral honetatik, gune berezi bat izango du Kursaal Jauregiaren ondoan. Bertatik egingo dute Euskadi Irratiko "Faktoria" magazina egun horretan eta irailaren 26ko "Biba Zuek!" saioa. Irailaren 22an, berriz, "Dagoenean Bonbon" saioko aurkezle dugun Armintz Gorrotxategi gozogileak erakustaldia egingo du. Horrez gain, "Go!azen", "Irabazi Arte" eta "Desagertuta" telesailetako aktoreekin topaketak eta Jonkass DJaren musika emanaldiak antolatu dira beste egun batzuetarako.

EITBren set berezia Kursaal kanpoaldean

Edizio honetako EITB Galak aurrestreinaldi handi bat eta musika zuzenean dakar, irailaren 21ean, Belodromoan. Udazken honetan ETB1en ikusgai izango den "Euskal Herria Hegan" dokumental sailaren lehen atala, Gipuzkoa Hegan, pantaila erraldoian proiektatutako da.

Gipuzkoa Hegan, belodromoan.

Biharamunean, irailaren 22an, Telebistak eta plataformak gure zinemaren eragile gisa izeneko jardunaldi profesionala egingo da, EITBren eskutik, Londres Hotelean.

EITBren antolaketa eta ekoizpenarekin egingo da, halaber, Euskal Zinemaren Gala Handia, irailaren 23an, Victoria Eugenia Antzokian. 

Irailaren 24an, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak antzokiko terrazatik egingo dituzte zuzenean, eguerdian eta gauean. 

2024ko Zinemaldiko irudia

Bestalde, "Go!azen" fenomenoaren hiru ekitaldi izango ditugu aurtengo Zinemaldiaren barruan: bi aurrestreinaldi jendetsu Belodromoan, irailaren 24an eta 26an, eta emanaldi esklusiboa Urbilen 25ean.

Hedabide eta euskarri guztietan egingo zaion jarraipen informatiboaz gain, EITBk zuzenean eskainiko ditu irekiera gala (irailak 19, 20:30, ETB1), itxiera gala (irailak 27, 21:00, ETB1), Euskal Zinemaren Gala (irailak 23, 22:15, ETB1) eta Jennifer Lawrenceri Donostia Saria (irailak 26, 18:00, ETB4). Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dira.

Albisteak (1)