Itxi

Sariak

EITBren "Glaziarrak agurtzen" lanak aitortza lortu du nazioarte mailan, Venice TV Awards sarietan

EITB

Leer en Castellano

Berrikuntza eta bikaintasuna azpimarratzen dute Veneziako Telebista Sariek, eta 'Cross Platform Programming' atalean izendatu dute proiektua, EITBk eduki berritzaile eta multiplataformaren alde egindako apustua aitortuta.

"Glaziarrak agurtzen"

Nazioartean arrakastak batzen jarraitzen du EITBk, eta azkena Italiatik etorri berri da, "Glaziarrak agurtzen" dokumental sailaren eskutik. 2025 honetan estreinatutako dokuseria da, hain zuzen, Nazio Batuek Glaziarren urtea izendatu duten honetan. Aneto, Infiernos, Perdido eta Vignemale glaziarren bilakaera eta egungo egoera erakusteko bidaia proposatzen digu, Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik. Aneto-Aire izeneko atalean, gainera, Arnaitz Fernández fisikari, meteorologo eta EITBko "Eguraldia" saioko aurkezlea du alboan.

Bertan, inguru hartako paisaia eta bazter ederrak bisitatu dituzte, airetik hartutako irudiak ere eskainita. Lanak, gainera, ikus-entzunezkoen teknologia berrien beste ikuspegi bat dakar, 3Daren eta efektu bisualen bidez errealitateak irudimenarekin bat egiten baitu. Hala, atal bakoitza esperientzia paregabea da, adimen artifizialarekin irudi bereziak sortuta eta produkzio birtuala eta errealitate areagotua baliatuta.

"Glaziarrak agurtzen" saioak zuzeneko interakzioa bilatzen du ikus-entzuleekin, eta kanal zein euskarri bakoitzari egokitutako eduki zehatza eskaintzen du: ORAINeko sare sozialetarako diseinatutako bideoak; ETB1eko eta ETB2ko "Eguraldia" programarako ikus-entzunezkoak; eta, azkenik, PRIMERAN plataformako eskaintza, dokumental sailaren lau atal bertan eskura jarrita. Horrela, edukia kontsumitzen den publiko eta ingurunera egokitzen da.

#ekin_transformazioa ekimenaren barruan sortutako proiektua da "Glaziarrak agurtzen".

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)