Itxi

EITB 2030 Estrategia

EITBk 2. platoa eta Radio Euskadiren estudio nagusia berritu ditu Bilboko egoitzan

EITB Media

Ikus-entzuleei eskaintzen dien zerbitzuan bikaintasuna lortzeko eta kontsumo eredu berrietara egokitzeko, etengabeko berrikuntza teknologikoa du ardatz ikus-entzunezko taldeak.

EITBren Bilboko 2. platoan egiten da egunero "Teleberri" albistegia

EITB euskal ikus-entzunezko taldeak berrikuntza teknologikoaren eta bikaintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen du ikus-entzuleei eskaintzen dien zerbitzuan. Horren erakusgarri dira Bilboko egoitzan egindako hobekuntzak. 

Alde batetik, 2. platoa berritu da, egunero Euskadiko albistegi liderra, "Teleberri", egiten den gunea. Plato berriak diseinu inguratzailea du, programaren irudiari ikusgarritasun eta panoramika handiagoa emateko aproposa. Horretarako, pantaila bat instalatu da (2,5eko pitch batekin), kurbadurako muntaketarekin eta 16 m linealetik gorako totem gehigarriekin, 3 metroko altueran. Rez Estudiok, EITBko Arte Sailaren laguntzarekin, diseinatu, fabrikatu eta instalatu duen dekoratuan integratu da.

Era berean, errealitate areagotua erabiltzeko prestatu dute, Vizrten grafismo sistema dela medio. Stype fabrikatzailearen RedSpy tracking sistemaren bitartez egin ahal izango da, lehendik platoan dauden Jimmy Jib garabiarekin eta Sony FB80 kamerarekin. Errealitate areagotua Vizrten Vizmultiplay sistemaren bidez erabili ahal izango da, eta pantailako zein errealitate areagotuko elementuak uztartu.

Dekoratu horrek guztiak 600 luxeko LED argiztapena du, set osoan banatuta. Hartara, kazetariei aukera ematen die dekoratu osoan zehar mugitzeko, itzal punturik gabe. LED argiztapenak, gainera, hainbat argi diseinu lortzeko aukera ematen du, eta horrek dekoratuari ikusgarritasun berezia ematen dio, eta programak pertsonalizatzea ahalbidetzen du.

Kontsumo-modu eta eduki berrietara egokitutako irrati-estudioa 

Radio Euskadiren estudio nagusia osorik berritu da, irrati bisualari bultzada emateko. Bertako dekoratu berriak konposizio moderno eta pertsonalizagarria du, Baulanek diseinatu, fabrikatu eta instalatua. Era berean, mahai gaineko muntaia nagusian PTZ Sony SRG-A12 kamerak txertatu dira, lehendik zegoen Wincamen irrati bisualeko soluzioarekin bat eginez.

Radio Euskadiko estudio nagusia

Horrez gain, duela gutxi, 13 Calrec TypeR audio-nahasgailu eta fabrikatzaile beraren interkonexio-sistema ezarri dira Bilboko egoitzako kontrol guztietan. Nahasgailu berriek kontrol gainazal eskalagarriak eta ukipen interfaze intuitiboak dituzte. Halaber, IP teknologian oinarrituta daude. Sinkronismo sistema aldatu da, Albalá fabrikatzailearen PTP protokoloarekin, egungo estandarretara egokitzeko. Ezaugarri horiek moldakortasun, efizientzia eta kalitate handiagoa ematen dute edukiak ekoitzi eta emitizeko.

IP ingurunean soluzio integral bat lortzeko eta audio streamen bideratze eta kontrola errazteko, Hi-Human Interface orkestratzaile eta kontrolatzailea instalatu da. Hartara, EITBk lan sistema modernoagoa eta sendoagoa finkatu du, irratigintzaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Radio Euskadiko estudio nagusiko mahaia