Itxi

Urriak 11

EITBren MAKUSI plataformak urteko jai erraldoia egingo du larunbatean, BEC!-en

EITB

Leer en Castellano

Mota guztietako jarduerak izango dira haur eta gaztetxoentzat, 11:00etatik 17:00etara, doan. Ondoren, 17:30etik aurrera, "Go!azen"en denboraldi berriko lehen atala emango da Bizkaia Arenako pantaila erraldoian. Sarrerak salgai daude.

MAKUSI Jaia, BEC!en

Haur eta gazteentzako euskarazko EITBren ekosistema eta plataforma digitalak egun handia biziko du larunbatean. Izan ere, bigarrenez, MAKUSIk urteko jai erraldoia ospatuko du urriaren 11n, egun osoz, Barakaldoko BEC!-en. 11:00etatik 17:00etara jarduera-egitarau zabala izango da bertan, MAKUSIko protagonistekin, txikienentzako euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabalena duen EITBren unibertso digitalaz gozatzeko. Sarrera librea da.

BEC!-eko 2. pabiloira bertaratzen diren lagunek plan borobila izango dute. Espazio zabalean, denetariko ekintzak aurkituko dituzte, 10.000 metro karratuan: ikuskizunak, puzgarriak, ludoteka, margotzeko txokoak, psikomotrizitate gunea, tailerrak, eskulanak, abentura parkea… 

MAKUSI unibertsoko protagonistek gune propioak izango dituzte: "Potx eta Lotx", "Ameslarien Banda", "Mari Sorgin Ehiztari", "Go!azen",  "Irabazi Arte", "Power Up"…  Horrez gain, Izaskunek umeak lehian jarriko ditu erronka dibertigarriekin, eta nola ez, Makusitxo bertan izango da.

Babesleek ere txoko bereziak ekarriko dituzte Barakaldoko gunera, tartean Kaiku Baserria, IHOBEren Klima 360º eta Klima Azoka eta jokoak, Garbikerren eskutik.

Agertokian ere ez da ikuskizunik faltako: Potx eta Lotx pailazoek antzerkia, dantza eta musika uztartuko dituzte, 12:30etik aurrera. 14:00etan Loa eta Laia iritsiko dira eta zuzeneko ikuskizuna estreinatuko dute, primizian. 15:30ean, berriz, "Go!azen" telesaileko aktoreek musika emanaldi berezia taularatuko dute.

Behin MAKUSI Jaia bukatuta, "Go!azen 12" telesailaren aurrestreinaldi handia egingo da Bizkaia Arenako pantaila erraldoian. Ateak 16:30ean irekiko dira, eta proiekzioa 17:30ean hasiko da, telesaileko protagonistak bertan direla. Sarrerak salgai daude eta bildutako dirua EITB Maratoira bideratuko da.

 

Informazio gehiago (2)