Radio Euskadi
"La Mecánica del Caracol" saioak 15. urteurrena ospatu du EITBren egoitzan, ekitaldi zientifiko batekin
EITB
Eva Caballerok aurkeztuta, dibulgazioa izan du oinarri. Zortzi kolaboratzailek hitzaldiak eskaini dituzte, eta esperimentuak ere izan dira, zuzenean. GUAU plataforman jarraitu ahal izan da.
Ekitaldiko familia argazkia
2010eko irailaren 6an emititu zen lehen aldiz Radio Euskadin "La Mecánica del Caracol", zientziaren, teknologiaren eta historiaren dibulgazio oinarri duen irratsaioa, Eva Caballerok zuzenduta eta aurkeztuta. 15 urte eta ia 3000 saio igaro dira ordutik eta, denbora honetan guztian, egunero emititzen den zientziari buruzko irratsaio bakarra izan da Estatu mailan: astelehenetik ostiralera, 21:05ean.
Jakintzaren dibulgazioaren eta egiazko informazioaren alde Radio Euskadik eta EITBk egindako apustua izan da, eta entzuleen eta hainbat arlotako profesionalen eta adituen erreferente bihurtu da, zerbitzu publiko gisa egindako lanari aitortza ere izan den horretan. Horren adierazgarri, urte hauetan guztietan Eva Caballerok irabazitako sariak "La Mecánica del Caracol" programan egindako lanagatik: Concha García Campoy Kazetaritza Zientifikoaren Saria (2023); Euskal Kazetaritzaren Saria, Ingurumen kategorian (2021); Roche Institutua Fundazioaren Doitasuneko Medikuntza Pertsonalizatuko Kazetaritza Saria (2019); Investén-isciii ikerketa taldearena (2019) eta Tecnalia Saria 2012an, irratiaren kategorian.
15. urteurrena behar bezala ospatzeko, dibulgazio zientifikoko ekitaldia egin du Radio Euskadik, astearte honetan, azaroak 4, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Programako ohiko kolaboratzaileetako batzuek parte hartu dute, eta zuzeneko esperimentuak ere izan dira. Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izan da EITBren GUAU audio plataforman. IKUSI HEMEN ARGAZKI GALERIA.
Ekitaldiko irudia
Hasiera-hasieratik, EHUko irakasleen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikertzaileen, eta Aranzadi Zientzia Elkartea eta Eusko Ikaskuntza bezalako erakundeen laguntza izan du "La Mecánica del Caracol" saioak; eta, ospakizun berezi honetan ez dira falta izan irratsaioaren ohiko ahotsetako asko: Raúl Ibáñez, EHUko irakasle eta Radio Euskadiko kolaboratzaile historikoa; Marta Macho, EHUko irakasle eta Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con ciencia blogaren arduraduna; Aitor Bergara, EHUko irakasle eta EHU Quantum Centerreko zuzendaria; Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia; Elisa Sainz de Murieta, EHUko irakasle eta Basque Centre for Climate Change BC3ko ikertzailea; Arlaitz Carracedo, CIC Bioguneko ikertzailea; Amanda Sierra, Achucarro Neurozientzien Zentroko ikertzailea; eta Manu Hernández, Peñascal Fundazioko irakaslea. Ekitaldia bi esperimenturekin itxiko du Hernandezek berak.
"La Mecánica del Caracol" programan 10 urte baino gehiagoz kolaboratzaile izandako Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua ere bertan egon da.