Itxi

Nazioarte mailako jaialdia

EITBk estreinakoz hartuko du parte Bartzelonako Serielizados jaialdian, telesailen hitzordu entzutetsuan

EITB

Leer en Castellano

EITBren parte hartzea duten "Argi Gorriak" eta "Zeru Ahoak" euskarazko telesailak izango dira azaroaren 3tik 12ra egingo den jaialdian. EITBk berak ere leku nabarmena izango du bertan.

"Argi Gorriak" telesailaren fotograma

EITBren parte hartzea duen "Argi Gorriak" fikzioa Serielizados jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da, telesailen Bartzelonako jaialdi ospetsuan. Alberto Gastesi, Alejandra Arróspide eta Alex Merino fikzioaren sortzaileek bertan aurkeztuko dute telesaila. Nazioarteko estreinaldia azaroaren 7an izango da, 20:00etan, Mooby Aribau zinemetan. Kataluniako lehiaketan lehen hiru kapituluen aurrerapena ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan (euskaraz), gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin.

Telesaila 2026an estreinatuko da PRIMERAN EITBren streaming plataforman. Vidania Filmsek ekoitzi du, EITBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta umorea, intriga eta drama familiarra uztartzen ditu, gaur egungo ikuspegi freskoa oinarri hartuta. Itziar Ituño da telesaileko protagonista, eta Elena Mugica bikoizketako aktorea hezurmamitzen du. Elenak bere urterik bizienak atzean utzi ditu, eta errutinan murgilduta bizi da.

'Argi Gorriak'

Donostia Zinemaldian egindako estreinaldi historikoaren ondoren, "Zeru Ahoak" ere aurkeztuko da Serielizados jaialdian. EITBren parte hartzea duen thriller zirraragarria da, Koldo Almandozek zuzendua eta Nagore Aranburu protagonista duena. Azaroaren 10ean izango da emanaldia 19:00etan, Mooby Aribau zinema-aretoetan. Bartzelonako emanaldian Sara Cozar eta Josean Bengoetxea aktoreak eta Marian Fernandez ekoizlea egongo dira.  

Zeru Ahoak

Bestalde, EITBko arduradunek ere esku-hartze nabarmena izango dute Kataluniako jaialdian. Azaroaren 6an, Joselu Blanco EITBko Programazio zuzendariak aditu gisa parte hartuko du parte gidoilariei, ekoizleei, banatzaileei eta ikus-entzunezko sektoreko beste langile batzuei zuzendutako Serializados PRO jardunaldian. Orobat, Gorka García EITBko Arte eta Entretenimendu zuzendaria telebista publikoen ekoizpenetan sortzen ari den talentua sustatzeari buruzko mahai-inguruan izango da.

Vanesa Fernández Guerra EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria ere izango da Serielizados jaialdian, eta gogotsu agertu da: "Lehen aldia da EITB jaialdi garrantzitsu honetan presente dagoela, eta ohore handia da euskarak munduan zehar bidaiatzea, gisa honetako nazioarteko lehiaketetan parte hartuz". 2023tik EITBk euskarazko fikzio seriatu independentearen aldeko apustu irmoa egiten duela azpimarratu du Vanesa Fernandezek, eta emaitza oso onak jasotzen ari dela.

Albisteak (2)