Jada ikusgai Primeranen
ETB2k "Cristóbal Balenciaga", Getariako jostun handiaren inguruko fikzioa, estreinatuko du gaur
EITB
6 ataletan zehar, mundu oldarkor batean estilo propioa sortzeko gai izan zen gizon baten istorioa kontatzen du. Alberto San Juan dugu protagonista, eta Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, berriz, zuzendariak. PRIMERANen estreinatu ondoren, gaur iritsiko da ETB2ra.
"Cristóbal Balenciaga"
"Cristóbal Balenciaga" (2024) estreinatu du EITBk, euskal jostun unibertsalenaren bizitzari buruzko telesaila. Sei ataletan zehar, jostun baten eta arrantzale baten seme gisa bere estatus sozialari aurre egiten ausartu zen gizon baten istorioa kontatzen du. Berezko talentuari, etengabeko lanari eta negozioetarako gaitasunari esker, garai guztietako moda-diseinatzaile nabarmenetako bat bihurtu zen Cristóbal Balenciaga.
Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Lourdes Iglesiasek sortuta, Alberto San Juan dugu protagonista, Alberto Iglesiasen musikarekin. Oiartzunen, Donostian, Parisen, Bordelen, Toulousen, Bilbon, Gasteizen, Irunen, Hondarribian, Iruñean, Oiartzunen, Asteasun, Azpeitian, Biarritzen, Pasaian eta, nola ez, Getarian filmatu zuten. Telesailak hainbat sari eskuratu ditu, tartean aktore onenaren Ondas eta Iris sariak jaso zituen Alberto San Juanek, eta San Sebastián-Gipuzkoa Film Commission golardoa ere bai. Telesaileko jantzitegi onenaren In Style aipamena ere bereganatu zuen.
Azaroak 13an estreinatu zen "Cristóbal Balenciaga", osorik, EITBren PRIMERAN streaming plataforman, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin. Gaur iritsiko da lehen atala Euskal Telebistara. ETB2n izango da ikusgai, 22:15ean.