Igandetik aurrera
Francoren heriotzaren 50. urtemuga abiapuntu hartuta, erreportaje bereziak EITBko hedabideetan
EITB
Frankismoaren amaiera ikuspegi politiko, sozial eta ekonomikotik aztertuko dute Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan datozen egunetan. Azaroaren 20an bertan, "50 años sin Franco" erreportajea izango da ikusgai ETB2n.
Erreportaje bereziak, Francoren heriotzaren 50. urtemuga abiapuntu hartuta
1975eko azaroaren 20an, Francisco Franco diktadorea hil, eta 40 urteko diktadura luzearen amaiera hasi zen. Euskadin errenkadan etorri ziren, besteak beste, euskara eta ikurrina legeztatzea, erregimenak atxilotutako antifrankistentzat amnistia eskaerak kalean, alderdi politikoen mobilizazioak, langile mugimenduak… Duela 50 urteko gertaera haiek gogora ekarri eta aztertzeko, erreportaje sorta prestatu dute EITBko hedabideek hurrengo egunetarako.
Franco gabe 50 urte igaro arren, frankismoa erabat desagertuta dagoen galdetuko diete ETBko albistegiek historialariei eta gaurkotasuna aztertzen dutenei, eta zergatik jarraitzen duen indarrean frankismo garaian sortutako sekretu ofizialen legeak. Francoren aurka aritu zirenekin eta erregimenaren errepresiorik gordinena jasan zutenekin egongo dira; ikastolen berpiztea eta debekatuta zegoen euskarari hegalak eman nahian antolatutako ekimenak oroituko dituzte, baita Franco hil ostean hobietatik lehen gorpuak ateratzeko lanak ere. Igandetik aurrera, egunero erreportaje bat izango da ikusgai "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, eta azaroaren 20an guztiak izango dira ikusgai Juan Carlos Etxeberriak ETB2n gidatuko duen saio berezian.
Euskadi Irratiak, Xiker Esnal kazetariak egindako erreportajeak emitituko ditu astelehenean hasita. Josu Chueca eta Mikel Aizpuru historialariekin, Jone Zuluaga Aranzadiko ikerlariarekin eta Arantxa Urretabizkaia idazlearekin aztertuko dituzte frankismoaren azken uneak, eta nolakoa izan zen errepresioa eta erresistentzia euskal gizartean, euskalgintzan, feminismoan... Frankismoaren aldekoek ondoren izan duten bilakaera ere izango dute hizpide. Azkenik, azaroaren 20an solasaldia egingo dute duela 50 urte euskal gizartean erreferente ziren hiru lagun bilduta, 1975eko azaroaren 20az dituzten oroitzapenak jasotzeko: German Kortabarria (sindikalgintza) Gontzal Mendibil (kulturgintza) eta Elixabete Garmendia (kazetaritza).
Radio Euskadin, frankismoaren amaiera ikuspegi politiko, sozial eta ekonomikotik aztertu dituzte Iratxe Ruiz, Rodrigo Manero, Maria Suárez eta Iñaki Larrañaga kazetariek. Erreportaje horiek Radio Euskadiko irratsaio nagusietan izango dira entzungai, baita GUAU audio plataforman ere, Euskadi Irratiko edukiekin batera.
Azkenik, azaroaren 20an, albistegietako saio bereziaren ostean, "50 años sin Franco" erreportajea izango da ikusgai ETB2n. Gernikako Juntetxean antolatutako belaunaldi arteko topaketa berezi bat izango du ardatz saioak. Alde batean izango ditugu Francoren diktadura bizi izan zuten euskal kulturgintzako bi erreferente: Mari Karmen Garmendia eta Paco Etxeberria. Bestean, berriz, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako sei gazte izango dira, era guztietako bizimodua izan dutenak eta Francoren irudia urrun ikusten dutenak.
PRIMERAN plataformak ere euskarazko eskainiko du erreportajea, "Franco: Zapalkuntza baten istorioa" izenburupean.