Abenduaren 3an eta 8an
"Itoiz. Udako sesioak" filma eta "Itoiz fenomenoa" dokumental saila estreinatuko dituzte PR1MERANen
EITB
EITBren parte-hartzea duten bi ekoizpenak Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakak zuzendu dituzte.
Juan Carlos Perez Itoiz taldeko liderra. (Argazkia: EITB)
Itoiz. Udako sesioak, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendu eta Doxa Produccionesek ekoitzitako filma, PR1MERAN streaming plataformara iritsiko da abenduaren 3an. Hilaren 8an, berriz, Itoiz fenomenoa estreinatuko da, primizian, EITBren plataforman. Aipatu zinemagileek zuzendu dute hiru kapituluko dokumental sorta. Bi ekoizpenetan EITBk parte hartu du.
Itoiz. Udako sesioak Film Dokumental Onenaren Goya sarirako hautagaia da. Zinebi, FICX, Zinemaldi eta In Edit Film Festival jaialdietan parte hartu eta aretoetan estreinatu zen; izan ere, bost aste eman zituen zinema-aretoetan, eta 13.000 ikusle baino gehiago izan zituen. Filma Estatuko hirugarren dokumentalik ikusiena da zinema aretoetan 2025ean.
Itoiz rock talde mitikoa desegin eta 30 urte pasa direnean, Juan Carlos Perez taldearen liderrak cassette zinta batzuk ditu eskuartean, eta horietako bat 14 urte besterik ez zituenean grabatu zuen. Horretan, zenbait abesti argitaragabe eta geroago taldearen arrakasta handi bihurtu ziren konposiziok biltzen dira. Aurkikuntzak, hasierako urteetako argazki-artxibo mugatuarekin batera, garai hartan bizitakoa berreskuratzeko grina pizten dio musikariari, eta taldearen jatorrira bidaia abiatuko du.
Horrez gain, PR1MERANek Itoiz fenomenoa dokumental sorta estreinatuko du, eta musika taldearen ibilbidea eta diskografia ekarriko ditu gaur egunera, hiru ataletan. Taldea 1978an sortu zenetik eta hamarkada bat geroago desegin zen arte, Juan Carlos Perezen eta bandaren inguruko fenomenoan sakonduko da ordu erdi inguruko duen hiru ataletan. Itoizen diskografia osoa aletuko da, taldearen ibilbidea ezagutuko dugu, bandaren garapena, musikarien joan-etorria, artxiboko materiala erabiliz: argazkiak, garaiko bideoak, taldearen bideoklipak, prentsako errekorteak… Taldearen sorkuntza-lana garaiko testuinguruan ezagutuko dugu. Horretarako, Itoizen garaikideak eta gaur egungo bestelako pertsonalitateak elkarrizketatu dituzte, taldearen erradiografia ahalik eta zabalena emateko.
Dokumental sorta horretan, honako hauek hartu dute parte: Jon Eskisabel, Javier Corral Jerry, Roge Blasco, Amaia Urkia eta Joseina Etxeberria kazetariek; Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak; Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, eta Jasone Osoro idazleek; Mitxel Ducau, Loles Vázquez (Vulpes), Roberto Moso, Aiora Renteria eta Fermin Muguruza musikariek, Belako taldeko Lore Nekane, Joxu Simon, Lander eta Crisekin batera; Joseba Alkalde letragileak eta Juan Luis Markaida taldearen argazkilariak.