Abenduaren 5etik 8ra
EITB bidelagun izango du aurten ere Durangoko Azokak, eta hainbat ekimen eta ikuskizun antolatuko ditu bertan
EITB
Euskal kulturaren plaza bilakatzen den hitzorduan buru-belarri murgilduko dira EITBren hedabideak zuzeneko eta eduki bereziekin. Halaber, urtero legez, ekitaldi ugari antolatuko ditu EITBk azokaren guneetan.
2024ko Durangoko Azokaren irudia
EITB bidelagun izango du aurten ere Durangoko Azokak, abenduaren 5etik 8ra bitartean. Euskal kulturaren plaza bilakatzen den ekimenaren babesle da, presentzia nabarmena izango du bere hedabideen bitartez, eta askotariko ekitaldiak antolatuko ditu.
Horrela, euskal kulturaren topaguneak tarte zabala izango du irrati, telebista eta eremu digitaleko edukietan, eta, azokatik, bertatik bertara, zuzenean, emitituko dira zenbait saio: abenduaren 5ean ETB1eko "Biba Zuek!", Euskadi Irratiko "Kultur Leihoa" eta Radio Euskadiko "Recalculando" eta "Kultura.eus"; eta, abenduaren 7an, Euskadi Irratiko "Amarauna". Gainera, Gazteak hiru orduko irratsaio berezia egingo du hilaren 5ean.
Bestalde, EITBk berak hainbat ekitaldi antolatu ditu azokaren guneetan. Irudienean bi telesail aurkeztuko dira: abenduaren 6an "Piztiak", Talentu berriak-Formatu txikiak izenburupean EITBk egindako deialdiaren lehen emaitza; eta abenduaren 8an "Irabazi Arte!"ren 5. denboraldia. Bertan egingo da, halaber, "Eden" soinu-fikzioaren 3. denboraldiaren estreinaldia hilaren 5ean. Horrez gain, bi hitzordu izango ditugu Berbagailua gune berrian abenduaren 6an: "BaDabil" eta "Benetan Zabiz" bideopodcasten zuzeneko emankizunak.
Bi podcast horiek eta GUAU audio plataforman dauden gainerako edukiak ezagutzera emateko erakusmahaia izango du EITBk Landako barruan. Eta kanpoan, berriz, ohiko gune berezia, egitarau zabalarekin: Jonkass DJaren emanaldia hilaren 5ean; Potx eta Lotx MAKUSIko pailazoen ikuskizuna hilaren 6an, eta "Irabazi Arte!" eta "Go!azen"eko aktoreekin argazki saioak, hilaren 6tik 8ra.
Ahotseneako kontzertuak streaming bidez emango dira Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean, eta azokaren irekiera-ekitaldia, eitb.eus-en. Halaber, azokaren eguneroko laburpena biltzen duen magazinaren formatu laburra izango dugu ikusgai iluntzero ETB1en, TOKIKOMekin egindako elkarlanari esker.
Azkenik, Durangoko Azokaren bilduma bereziak eskainiko ditu PRIMERAN plataformak.