Itxi

Bizi bedi bizipoza!

EITB Maratoiak 375.477 euro bildu ditu zahartze osasuntsuaren alde, inpaktu eta inplikazio sozial handiarekin

EITB

Leer en Castellano

Oraindik dohaintzak egiteko aukera dago: 900 840 750 doako telefonoa martxan egongo da larunbateko 22:00ak arte; eta otsailaren bukaera bitartean egongo da aukera ekarpenak egiteko, online, kontu korronte bidez eta BIZUM bitartez (eman atalean, 33478 zenbakia). ESKERRIK ASKO!

EITB Maratoia 2025: diru-bilketa

2025eko EITB Maratoiak elkartasun egun handia bizi izan du ostegun honetan, abenduak 18, eta 375.477 euro bildu ditu zahartze osasuntsua ikertzeko. Bizi bedi bizipoza lelopean egin du EITBk bere hogeita seigarren maratoi solidarioa, festa giroan, eta euskal gizartearen proiektu solidario erraldoia bihurtuta; gizartea bera bezala, etengabeko tranformazioan eta eraldaketan, inpaktu, kontzientzia eta inplikazio sozial mailan hazten. EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie kausa honekin bat egin duten guztiei, egindako ekarpen eta ahaleginagatik

Atzoko elkartasun egun handian zehar ahalegin berezia egin zuten EITBko hedabide guztiek. 150 aurpegi ezagun baino gehiagok EITB Maratoiarekin bat egin zuten, eta 900 840 750 doako telefonoa hartzen aritu ziren Bilboko egoitzako Multibox aretoan kokatutako dei-gunean. Telefono horretan, eitb.eus-en bidez eta Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak; baita BIZUM bitartez ere (eman atalean 33478). Oraindik kopuruak gora egin dezake, larunbatera arte (22:00ak arte) telefonoa zabalik egongo baita; gainera, otsailaren bukaera bitartean egongo da aukera ekarpenak online, kontu korronte bidez eta BIZUM bitartez egiteko.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere, guztioi eragiten digun kausa batean bete-betean inplikatzeko gaitasuna erakutsita. Hain zuzen ere, horixe izan da kanpaina honen helburua: zahartze osasuntsua ikusaraztea, funtsezkoa baita gu guztiontzat kontzientziarekin, duintasunarekin eta bizi-kalitatearekin zahartzea.

Isabel Octavio ETBko zuzendariak gizarte osoaren parte-hartzea eskertu eta gizartea mobilizatzeko EITB Maratoiak beste behin erakutsitako ahalmena azpimarratu du. "EITB Maratoia eraldatzen ari da. Eta hori da gure erronka nagusietako bat: sentsibilizazioa, konpromiso soziala eta fokua benetan garrantzitsua den tokian jartzea. Inpaktu eta inplikazio mailan hazten jarraitzea".

Dantza maratoi arrakastatsua

Edizio honetan, EITB Maratoiak elkartasun twist erraldoia sortu du,  Niko Etxarten "Euskal rock n' roll" kantuaren 200 bideo baino gehiagorekin. Gainera, ostegun honetan dantzaleku bihurtu ditu egunerokoan ohiko ditugun zenbait toki: merkatuak, tren zein autobus geltokiak…  Talde askok hartu dute parte Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon eta, egunean zehar, 1000 pertsona baino gehiago elkartu dira dantza-ekimen handi honetan. Horri, gainera, gehitu egin behar zaio maratoia streaming bidez jarraitu dutenen kopurua. Eskerrik asko!

Bukatzeko, EITBk eskerrak eman nahi dizkie Niko Etxart, Janus Laster eta Aurora Beltrán abeslariei, aurtengo soinu-banda eta bideokliparen protagonistei; eta, baita, nola ez, EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten pertsona eta elkarteak, bereziki Nagusilan eta BBK Sasoiko. Halaber, kanpainarekin bat egin duten erakunde eta enpresen laguntza eskertu nahi du EITBk: Eroski, Laboral Kutxa, BBK Fundazioa, Fagor, Vital Fundazioa, Irizar, Caixabank, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Sarea, Smurfit Westrock, Ampo, Versia, Arin Innovation eta Metro Bilbao.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi!

*  BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara. Gizartearen elkartasunari esker, gaur arte, hamar milioi euro baino gehiago bideratu ahal izan dira 136 ikerketa-proiektu bultzatzeko, hainbat alorretan: minbizia (haurrena, birikena, bularrena…), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, adimen ezgaitasuna, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak, besteak beste.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)