Jendaurreko ekitaldia
"El gran tablero mundial": Mikel Reparazekin elkarrizketa irekia egin du EITBk Bilbon
EITB
Egungo egoera geopolitikoaren gakoak eta mundu mailako erronka nagusiak ulertzeko, solasaldia egin du Reparazek Borja Macias Zientzia Politikoetan doktorearekin eta Natale Serón Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko doktorearekin. 300 bat lagun bildu dira bertan.
EITBko eta Sala BBK-ko ordezkariak, solasaldiko hizlariekin
Astearte honetan, otsailak 3, solasaldi berezia antolatu du EITBk Bilboko Sala BBK aretoan. El gran tablero mundial dokumentala abiapuntu hartuta, egungo egoera geopolitikoaren gakoak eta mundu mailan erronka handiak ulertzeko elkarrizketa irekia egin dute Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arduradunak, Borja Macías Zientzia Politikoetako doktoreak eta Natale Serón Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko doktoreak.
Natale Serón, Mikel Reparaz eta Borja Macías
Ekitaldiak 300 bat lagun bildu ditu, tartean dokumentala sortu duen albistegietako lantaldeko kideak eta EITBko ordezkariak. Bertan proiektatutako El gran tablero mundial lana ETB On plataforman ikusgai dugu jada.
EITBko lantaldea
Dokumentalak aztertu egiten du baliabide eta influentzia-eremuak kontrolatzeko munduko bi potentzia nagusien arteko lehia (AEB eta Txina buru duten blokeen arteko lehia, alegia). Izan ere, urtarrilaren 20an urtebete egin berri da Donald Trump AEBko presidentetzara itzuli zela. Horrek irauli egin du munduko egoera eta lehia geopolitikoa, eta mugimendu handiak izan dira Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazken inguruan, baita berriki Venezuelan eta Groenlandian ere.
Estatu Batuetako presidenteak Artikoko uhartearen kontrola bereganatzeko egindako mehatxuei arretaz begiratuta, EITBk Potentzien lehia handia / El Gran Tablero Mundial dokumentala sortu du. Panamako Kanala, Ormuzko itsasartea, Txinako itsasoa eta Pazifikoko irlak izan dira Mikel Reparazek bisitatutako tokietako batzuk; eta baita Groenlandia bera ere, denek bilatzen duten altxorraren kutxa.