Futbola
ETB1ek zuzenean eskainiko ditu Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalerdiak eta Sevillako finala
EITB
Kopako bi derbiak zuzenean ikusi ahalko dira Euskal Telebistan eta ETB ON plataforman: asteazken honetan, otsailak 11, San Mamesetik; eta martxoaren 4an, Anoetatik. Apirilean La Cartujan jokatuko den finala ere eskainiko du Euskal Telebistak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Beste behin, Errege Kopako futbol finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera eskainiko du EITBk, euskaraz. Hala, euskal derbi izaera duen finalerdia biziko dugu Euskal Telebistan, Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko duten kanporaketarekin. Asteazken honetan, otsailak 11, Athletic vs Reala partida eskainiko du ETB1ek 21:00etatik aurrera, San Mamesetik. Itzulerako norgehiagoka ere Euskal Telebistak emango du: martxoaren 4an, Anoetatik. EITBk RTVErekin duen lankidetza-ildoaren barruan, euskal taldeen finalerdiak eta Sevillako finala euskaraz eskainiko ditu EITBk, bai ala bai euskal ordezkariarekin.
Otsailaren 11n 20:40ean hasiko da "Koparen Bila" saio berezia ETB1en, Amane Ibañezek gidatuta. Alboan izango du Jon Balentziaga estadiotik eta Naxari Altuna, Juanan Larrañaga y Gorka Iraizoz kontakizuna egiten. Eritz Hernández eta Asier Aranguren arituko dira elkarrizketekin eta, neurketa amaitu ostean, analisiaren ordua iritsiko da.
ETB2n ere programazio berezia izango da: "Euskadi Quédate", zuzenean, San Mames ingurutik, Odei Esnaolak aurkeztuta. 17:30ean hasita eta partida abiatu arte, hiru ordu eta erdiko zuzeneko emanaldia eskainiko digute. Erreportarien eskutik giroa bizitzeko aukera izango dugu, eta set berezian Realeko eta Athleticeko aurpegi ezagunak, zaleak, jokalari ohiak, kazetariak... hartuko ditu Odeik.
Giroa bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango du ETB1eko "Biba Zuek" saioan. Platoan Realarekin eta Athleticekin lotura duten hainbat gonbidatu izango dituzte, eta zuzenean egongo dira Bilbo eta Donostiako kaleetan. Xabier Sukia aurkezlea bera ere kalean izango dugu.
Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere egingo dute partiden zuzeneko emanaldia; eta, jarraipen informatibo zabala egingo du EITBk bere hedabide eta euskarrietan, bereziki kirolakeitb.eus atarian. Bertan ere ikusi ahalko da norgehiagoka.
EITB, euskal futbolarekin