Itxi

Urteurrena

Radio Vitoriaren "Gasteiz, martxoak 3. Oroimenaren indarra" entzunezko dokumental saila, entzungai

EITB

Leer en Castellano

50 urte beteko dira aurten Zaramagako elizan sarraskia gertatu zela, eta Radio Vitoriak modu berezian ekarri nahi izan du gogora, 10 ataleko entzunezko dokumental seriea sortuz. Lehen atala gaur estreinatu da eta entzungai dugu GUAU plataforman.

Gasteizko Goiuri Jauregian egindako aurkezpenaren irudia.

Radio Vitoriaren "Gasteiz, martxoak 3. Oroimenaren indarra" entzunezko dokumental sailaren aurkezpena egin da astearte honetan Gasteizko Goiuri Jauregian. 50 urte beteko dira aurten Gasteizen bizitako une lazgarri haietatik eta Radio Vitoriak modu berezian ekarri nahi izan du gogora, 10 ataleko entzunezko dokumental seriea sortuz. Kapitulu bakoitza 20 minutu ingurukoa da eta guztiak testigantzez osatutako kontakizunak dira.

Lehen atala otsailaren 18an eskaini, 08:30ean. Egunero, martxoaren 3ra bitartean izango dira entzungai, lehenengo Radio Vitorian eta ondoren GUAU plataforman egongo dira eskuragai.

Dokumentalak 76ko sarraskian gertatutakoari buruzko testigantza berriak jasotzen ditu, baita elkarrizketa esklusiboak eta sekula argitaratu gabeko audioak ere. Egun hartan, lau mila grebalari bildu ziren Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan antolatutako asanblada batean. Arratsaldeko bostak pasata, polizia armatuak tenplua inguratu, eta elizaren barnealdera gas negar-eragilea jaurti zuen. Arnasa hartu ezinik, itotzear, langileak bertatik atera zirenean, poliziak tiroz hartu zituen. Bost langile hil zituzten eta ehun eta berrogeita hamarretik gora zauritu.

Dokumentala David Saenzek zuzendu du eta gidoia Jabi H. Pizarrosok sortu. Haiekin batera, Maialen Etxabe eta Jon Mikel Kareaga aritu dira teknikari lanetan, Olaia Sánchez soinuarekin Itziar Aranguren produkzioan eta Raquel Navarro lokuzioan. Honako hauen laguntza izan dute: Martxoak 3 Elkartea, Gogora Memoriaren Euskal Institutua, EITB eta RTVEren artxiboak. 

Astearteko ekitaldia Ismael Diaz de Mendibil eta Pilar Ruiz de Larrea Radio Vitoriako kazetariek gidatu dute. Bertan, eskerrak eman zaizkie testigantza eman eta laguntza eskaini duten elkarteei. Halaber, une nabarmenak aurrez entzuteko aukera izango dute. Solasaldia ere egin dute, lantaldeko ordezkariekin eta testigantza eman dutenekin, eguna gogoratu eta ekoizpen honen nondik norakoak azaltzeko. 

Gasteizko Goiuri Jauregiko ekitaldia

Martxoaren 3an, urtemugaren egunean bertan, azken atala izango da entzungai, eta Radio Vitoriak programazio berezia eskainiko du egun osoz, goizean San Frantzisko elizan hasita. Halaber, EITBko gainerako hedabideek ere tarte berezia egingo diote urtemugari egun horretan Gasteiztik, erreportaje eta zuzenekoekin.


 

Informazio gehiago (2)