Bartzelona
Goya sarien izendapenak ospatuko ditu euskal zinemak Bartzelonan, galaren aurretik EITBk egingo duen topaketan
EITB
Euskal zinemaren arrakasta ospatzeaz gain, profesionalek egindako lana babestu zein eskertzea, eta gure zinema zoriontzea izango da ekitaldi honen helburua. Ikus-entzunezko sektorearen eta erakundeen ordezkaritza nabarmena elkartuko da bertan. EITB jarraipen zabala egingo die Goya sariei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zinema industriaren goi-mailako ordezkaritza elkartuko du EITBk larunbat honetan Bartzelonako Diagonal Mar hotelean (13:00etan), euskal zinemaren arrakasta ospatzeko eta gure profesionalen lana babestu eta eskertzeko. Zinema eta ikus-entzunezkoen industria zoriontzeko hitzordua izango da, aurten Goya sarietan lortutako izendapenengatik. Izan ere, 13 euskal ekoizpen lehiatuko dira 40. edizio honetan, horietako 5 EITBren partaidetzarekin. Orotara, euskal ekoizpeneko 47 profesional eta film daude izendatuta aurten Espainiako Zinema Akademiaren sarietan.
Alauda Ruiz de Azúa zinemagilearen Los domingos (13 izendapen) eta Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Maspalomas (9 izendapen) dira euskal lanetan faboritoak, eta biek lor dezakete pelikula onenaren Goya saria. Bi lantaldeetako ordezkaritza izango da larunbatean, eguerdian, EITBk antolatutako harreran.
Maspalomas pelikulako ekipoarekin batera, EITBren partaidetza duten beste ekoizpenetako ordezkariek ere bat egingo dute hitzorduarekin: Dekoratua-Decorado (Alberto Vázquez, Uniko Studios), Gaua (Paul Urkijo, Irusoin), Balearic (Ion de Sosa, Sr. y Sra) eta Zona Wao (Nagore Eceiza). Guztira, 15 izendapen dituzte 5 ekoizpen hauek.
Euskal zinema guztiari harrera egin nahi dio hitzorduak eta, hala, bertara hurbilduko dira Eloy de la Iglesia, adicto al cine (Altube Filmeak), Los tigres (Kowalski Films) eta ¡Caigan las rosas blancas! (Doxa Producciones) euskal ekoizpenetako kideak ere.
EITBren lantalde batek emango die ongietorria, Andoni Aldekoa zuzendari nagusia buru dutela; eta topaketan izango dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, tartean Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundietako ordezkariak ere.
Bertaratuko diren beste erakundeen artean ditugu Kultura Ministerioko ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua; Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentua; CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals; eta Institut Català de les Empreses Culturals (ICEC). Azkenik, ez dira faltako Mediaset, Betevé, Movistar Plus+ eta MUBI, RTVE eta 3CATeko ordezkaritza zabalarekin batera.
200 pertsona baino gehiago bilduko dira bertan, euskal zinemak bizi duen une gozo hau elkarrekin ospatzeko.
EITBk tinko jarraitzen du euskal ikus-entzunezko ekosistema sustatzen eta egiten diren lanei zabalkundea emateko duen konpromisoari erantzuten. Hala, gala aurretiko topaketa antolatzeaz gain, jarraipen zabala egingo die bere hedabide eta euskarri guztietan Goya sarien banaketa ekitaldiari eta euskal zinemak bertan izango duen protagonismoari. Gertatzen den guztiaren berri izango dugu telebistan, irratian eta digitalean, albistegi, programa berezi, konexio eta zuzeneko saioekin.
Gainera, Goya sarien hitzordua dela-eta, EITBren plataformak leiho paregabea ditugu gure zinema onenaz gozatzeko. PRIMERANek Maspalomas, Dekoratua eta Zona wao estreinatu berri ditu; eta, gainera, bilduma bereziak antolatu dituzte Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga eta Elena Irureta antzezleen filmografia zabalarekin, besteak beste. Horri lotuta, Goya sarien historian zehar saritutako eta izendatutako euskal film sorta zabala dago eskuragarri PRIMERAN eta ETB ON plataformetan; eta GUAUn ere euskal pelikulen musikaz gozatzeko bilduma berezia jarri da entzungai, besteak beste, Maspalomas, Gaua eta Dekoratua lanen musikarekin. "Klaketa" bideopodcastean, berriz, Maspalomas eta Gaua pelikulei eskainitako atalak ere ikusi daitezke.
EITB, euskal zinemarekin