Jarraipen berezia
EITBk oihartzun berezia emango dio "Martxoaren 3aren" 50. urtemugari
EITB
Duela 50 Gasteizko Zaramagako elizan gertatutako sarraskia gogora ekartzeko edukiak izango ditugu ETBko albistegietan, eta Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako goizeko irratsaioetan, besteak beste.
Martxoaren 3aren inguruko soinu dokumentalaren irudia
EITBko hedabideetan oihartzun handia izaten ari da Gasteizko Zaramagako elizan duela 50 urte izandako sarraskia, eta urteurren egunerako eduki bereziak prestatu dira. ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan erreportaje bereziak landu dituzte egunotan gertaera lazgarri hura gogora ekartzeko eta martxoaren 3an, gaueko albistegiaren ostean, bilduma osoa izango da ikusgai. Halaber, "Egun On" saioaren zati bat Gasteiztik egingo dute.
Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegia San Frantzisko eliza aldamenetik egingo du Iñaki Guridik. Bertan, solasaldia antolatu dute gertakarien lekuko izan zen Santi Diaz de Espadarekin eta Koldo Mitxelena Institutuko ikasle diren Aratz, Oier eta Clararekin. 1976an greba zikloa abiatu zuen Forjas Alavesas enpresako langileen ordezkari zen Tomas Etxaberen testigantza jasoko dute eta Julen Diaz de Argote Martxoak 3 elkarteko ordezkariarekin ere izango dira.
Radio Euskadik martxoaren 3an klabeak izan ziren Gasteizko hainbat puntu bisitatuko ditu goizean zehar, unitate mugikorrarekin: gobernu zibila, Forjas Alavesas, katedrala eta Zaramagako eliza. Puntu horietan gertakariak modu batera edo bestera bizi izan zituzten protagonistekin elkartuko dira: besteak beste, Andoni Txasko eta Santiago Duran langile ohiak, Mertxe Gutierrez Zaramagako bizilaguna eta Eloi Beato zinegilearekin hitz egingo dute.
Radio Vitoriak modu berezian ekarri nahi izan du gogora gertakaria, "Gasteiz, martxoak 3. Oroimenaren indarra" 10 ataleko entzunezko dokumental seriea sortuz. Urtemugaren egunean bertan izango da entzungai azken atala irratian eta GUAU plataforman. Gainera, programazio berezia eskainiko du egun osoz: goizean San Frantzisko elizaren inguruan, istilu gogorrak izan ziren lekuan, eta arratsaldean hirian barrena antolatutako ekitaldiak jarraitzen.