GAZTEA
Janus Lester, Merina Gris, Gorka Urbizu, ZETAK, Mirua eta Naxker dira aurtengo Gaztea Sarien irabazleak
EITB Media
Euskal musikari onenak bildu zituen beste behin Gaztearen gau handiak Bilboko Euskalduna Jauregiko ekitaldi jendetsuan.
Saritu guztiak
Ostegun honetan, martxoak 5, banatu dira 2026ko Gaztea Sariak, eta Janus Lester, Merina Gris, Gorka Urbizu, ZETAK, Mirua eta Naxker izan dira irabazleak. Ainhoa Vitoriak eta Antton Telleriak aurkeztu dute ekitaldia, eta hainbat aurpegi ezagun ikusi ditugu sari banaketa lanetan. Gainera, Merina Gris, Gorka Urbizu, HOFE, Jimena Amarillo, Janus Lester, Nøgen, IZARO, Olaia Inziarte eta Euskoprincess artistek inoizko galarik musikalena eskaini dute, Gaztea Sarietarako propio prestatutako ikuskizunekin.
Artista edo talde berri onena, bideoklip onena, kanta onena, disko onena, artista onena, zuzeneko onena eta ikuskizun onena saritu dira. Aurten, zuzeneko eta ikuskizun onenen irabazleak Gazteako publikoak aukeratu ditu, bozketa bidez. Bestelako sariak, ostera, Gaztearen epaimahaiaren esku gelditu dira. Hauek dira kategoria bakoitzean irabazleak:
- Artista edo talde berri onenaren Kutxabank Korner saria: Naxker
- Bideoklip onena: Miruaren "Morroxko"
- Zuzeneko onena: Gorka Urbizu.
- Ikuskizun onena: ZETAKen Mitoaroa.
- Abesti onena: Gorka Urbizuren "Zilarra". Gainera, Gorkak berak abestia bertan jo du galan, saria jasotakoan.
- Disko onena: Merina Grisen ZULOA.
- Artista onena: Janus Lester.
Gorka Urbizuren emanaldia
2026ko Gaztea Sarien babesleak honako hauek dira: GAZ (Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Emantzipaziorako Zerbitzua), Kutxabank Korner eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Gala ikusgai dago ETB ON, GUAU eta PRIMERAN plataformetan, eta Gaztearen YouTube kanalean.