KORRIKA 2026
Korrikaren atzetik ibiliko da EITB, teknologia zein baliabide aldetik ahalegin handia eginda
EITBk dena emango du ETBn, irratietan, ORAIN albiste zerbitzuan, YouTuben eta batik bat ETB ON plataforman, 24 orduko etengabeko emanaldiarekin. Horrez gain, zuzenean eskainiko ditu irekiera eta itxiera ekitaldiak.
EITBk Korrikarekin egingo duen jarraipena aurkeztu du
Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta 29an Bilbon amaituko den 24. Korrikak EITBren babesa eta jarraipen osoa izango du. ETBko eta irratietako programazio guztia bustiko du euskararen aldeko lasterketaren olatuak. Halaber, tarte nabarmena izango du ORAIN albiste zerbitzuan eta EITBren YouTube kanalean, eta 24 orduko etengabeko emanaldia ETB ON plataforman.
ETB ONeko kanal berezian Korrikaren emozio guztia jaso ahal izango dugu. Zuzeneko seinalea ikusteaz gain, beste hainbat eduki topatuko ditugu: Herriz herri atalean, dagoeneko lasterketa pasa den herriko irudiak; Airetik atalean, dronarekin hartutako irudi ikusgarriak; Euskara atalean, Korrikaren eta euskararen inguruan ETBn emititutako dokumentalak.
Euskal Herrian erreferentziazko gertakizuna den lasterketaren erakusleihoa izango da EITB eta, horretarako, teknologia zein giza baliabide aldetik ahalegin handia egingo du. Hala, hasiera eta amaiera ekitaldiak eskaintzeko 30 laguneko lantaldea, zortzi kamera (drona tartean) eta Korrikako furgonetaren seinalea erabiliko dira; eta Atharratzen, gainera, UHDko unitate mugikorra. ETB1en eta ETB ONen jarraitu ahal izango dira bi emankizunak. Euskadi Irratiak Korrikaren hasieraren eta amaieraren kontakizun osoa egingo du saio berezien bitartez: hilaren 19koa Itziar Alduntzinek gidatuko du Atharratzeko plazatik eta 29an, berriz, "Amarauna" eta "Goizak Gaur" Bilbotik egingo dira. Radio Euskadik emanaldi berezia egingo du 19an Galder Perezen eta Olatz Arriolabengoaren eskutik, eta itxiera ekitaldia bertatik bertara jarraituko du goiz osoan.
11 egunez eta Euskara gara lelopean Korrikaren atzetik ibiliko dira EITBko hedabideetako lantaldeak kamera eta mikrofonoak aldean hartuta. "Egun On", "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan egunero zabalduko dute Korrikaren leihoa, baita "Biba Zuek" eta "Euskadi Quédate" arratsaldeko saioetan ere. "Biba Zuek"ek, gainera, Lekunberritik emitituko du martxoaren 23an, Korrika bertatik pasatzen den egunean; eta hilaren 18ko "Tribuaren Berbak" saioan Korrikak eragiten dituen zirrara, emozio eta bizipenak bilduko dituzte. Bestalde, ETBko Eguraldiko lantaldeak ere bat egingo du Korrikarekin: egun bakoitzeko iragarpena eskainiko dute telebistako saioan eta sare sozialetan, eta herritarrek bidalitako Korrikaren argazkiak erakutsiko dituzte. MAKUSIko "Kalaxka" eta "Potx eta Lotx" saioetan eduki bereziak izango dituzte martxoaren 20an, eta Korrika bukatzen den egunean, martxoaren 29an, gunea jarriko dute Bilbon ume eta familiei zuzendutako ekimenen artean. PRIMERAN eta GUAU plataformetan eduki berezien bilduma izango dute, eta EITBren sare sozialetan ere jarraipen estua egingo zaio Korrikari.
Azkenik, EITBk hiru kilometro izango ditu lasterketan. Lehen hitzordua martxoaren 22an izango da, Iruñean, 13:45 bueltan. Bigarren kilometroa hilaren 25ean izango da, 09:30ak aldera, Donostian Pasaiako portuko zeharbidean. Hilaren 29an, Bilbon, goizeko lehen orduan eramango du EITBk lekukoa.