Itxi

Erabateko digitalizazioa

ETB1 eta ETB2 unibertso digitalera egokitu dira, bertsio digitalekin: hemen dira ETB1 ON eta ETB2 ON

EITB

Leer en Castellano

Asteazken honetan, martxoak 18, abiatuko dira ETB1 ON eta ETB2 ON, ETB1en eta ETB2ren bertsio digitalak. Interneten, plataforma eta telebista-zerbitzu hornitzaileetan banatzeko diseinatuta daude. ETB pantaila gehiagotan, zerbitzu publiko indartua eskaintzeko.

ETB1 eta ETB1 ON irudi berria

ETB1 eta ETB2 aro digitalean sartu dira bete-betean, ETB1 ONen eta ETB2 ONen eskutik. Ikus-entzunezko kontsumoaren errealitate berrira egokitzen jarraitzen du ETBk, eta bere kanal jeneralistak unibertso digitalera ere eraman ditu. Horrela, asteazken honetan, martxoaren 18an, jarriko dira abian ETB1 ON eta ETB2 ON, Interneten, YouTuben, plataforma nagusietan eta telebista-hornitzaileetan banatzeko espreski diseinatuta.

ETB1 eta ETB2 ingurune digitalera zabaltzeko eboluzio naturala da hau. Helburua da ETBren erabateko presentzia bermatzea edukiak kontsumitzen diren lekuetan, kontsumo-ohitura berrietara egokituta, beraz. Gauden tokian gaudela ikusi ahal izango ditugu ETB1 ON eta ETB2 ON, edozein gailu, pantaila edo plataformatik.

Hala, ETB1 ONek eta ETB2 ONek Euskal Telebista digitalizatzeko prozesua borobiltzen dute, eta apustu estrategikoa dira espazio digital globalean euskara indartzeko, euskal kultura zabaltzeko eta publiko gazteekin konektatzeko. Izan ere, zerbitzu publikoa ekosistema digitalean kokatzeko sortu dira ETB1 ON eta ETB2 ON.

ETB1 ON eta ETB1 ez dira berdinak izango; ezta ETB2 ON eta ETB2 ere. Guztietan emitituko dira, aldi berean, albistegiak eta gaurkotasuneko saioak; baina proposamen eta eduki bereiziak eta osagarriak eskainiko dituzte guztiek. Hala, ETB1 ONek eta ETB 2 ONek eduki propioak izango dituzte, nazioarteko eskubideen murrizketarik gabe. Kanal tradizionalen (ETB1 eta ETB2) eta horien bertsio digitalen (ETB1 ON eta ETB2 ON) programazioak, beraz, proposamen desberdinak izango dira; eta, hala, herritarrek gustuen eta kontsumitzeko unearen arabera aukeratu ahal izango dute.

Balio sozialeko eta gure lurraldeari lotutako saioak eskainiko dituzte; eta, ETB1 ONen kasuan, gainera, euskarazko haur programazio zabala, euskal gizarte eta kulturarentzat erreferenteak diren ekitaldi eta zuzenekoekin batera. Horien artean, martxoaren 19an Atharratzen hasi eta 29an Bilbon amaituko den Korrikaren 24. edizioaren zuzeneko jarraipen zabala. Izan ere, lasterketaren hasiera eskaintzeaz gain, ETB1 ONek zuzenean emango du seinalea, egunero, egunaren zati handi batean: lehen ordutik eta "Egun On" albistegira arte; goizean zehar "Gaur Egun 1" abiatu arte; eta, "Eguraldia" saioaren ondoren, arratsaldearen zati handi batean. Goizalde osoan zehar ere emango du ETB1ONek Korrikaren zuzeneko seinalea.

Publikoak ez du aldaketarik egin beharko: aurretik ETB3 ikusten zuen tokian, orain ETB1 ON ikusiko du; eta lehen ETB4 ikusten zuen tokian orain ETB2 ON ikusiko du (kanalaren izena eta pantailaren goialdeko irudia automatikoki berrituko dira). Gainera, aurrerantzean ETB1 ONeko programazioa izango da erreferentzia Nafarroako bost toki-demarkazioetan, ETB3 eskaintzen den tokietan.

ETB1 ON eta ETB2 ON abian jartzearekin batera, ETB1en eta ETB2ren identitate korporatiboa ere berritu du EITBk, ekosistema digitalean erabateko integrazioa dakarren aro berri honekin bat eginez.