Podcast berria
"Ainguratuak" soinu fikzioa estreinatu du gaur GUAUk
EITB
"Artxipelagoa" arrakastatsuaren prekuela da eta Ane Gabarain, Miren Gaztañaga eta Angela Lopez ditu protagonista.
'Ainguratuak', podcast berria
EITBren GUAU audio plataformak "Ainguratuak" soinu-fikzio berria estreinatu du astelehen honetan. Ekoizpena ULU Mediak sortu du EITBrentzat, eta 2021ean arrakasta handia izan zuen "Artxipelagoa" soinu-fikzioaren unibertso narratiboa zabaltzera dator. Hogei minutuko sei atalek osatzen dute serie berria, eta astero atal bat argitaratuko da.
"Artxipelagoa" lanaren aurrekaria da, eta jatorrizko istorioan mundua errotik aldatuko duten hiru olatu handiak iritsi aurreko uneetan kokatzen da. Fikzioak une horien aurreko gertakariak kontatzen ditu, eta hiru emakume protagonisten bizitzetan izango duten eragina erakusten du.Istorioaren erdigunean adin eta jatorri desberdinetako hiru emakume daude, eta haien bizitzak gurutzatuko dira mundua goitik behera aldatuko duten gertaeren atarian. Ane Gabarain, Miren Gaztañaga eta Angela Lopez aktoreek eman diete ahotsa fikzio berriaren protagonistei. Haiek dira, hurrenez hurren, Karmen, Amaia eta Sara pertsonaiak.
Ekoizpenaren elementu nabarmenetako bat Rafa Rueda musikariak konposatutako jatorrizko soinu-banda da. Musika horrek istorioaren atmosfera eraikitzen laguntzen du eta entzulea fikzioaren unibertsoan murgiltzen du.
Atmosfera horrek toki berezia izan du soinu-fikzio berri honen aurkezpenean. Izan ere, gosari-entzunaldia antolatu du EITBk, lehen atala kaskoekin entzuteko. Ekitaldian izan dira Maite Goñi, EITBko Irrati eta Audio zuzendaria; Miren Gaztañaga eta Angela Lopez protagonistak; ULU Media ekoiztetxeko ordezkariak; Rafa Rueda, jatorrizko soinu-bandaren egilea eta antzezpen eta audio sorkuntzaren munduko hainbat pertsona esanguratsu.
"Ainguratuak" soinu-fikzioarekin, GUAUk eta EITBk soinu-fikzioaren aldeko apustua indartu nahi dute, euskarazko istorio berriak sortuz eta audioaren bidezko narrazio formatu berriak sustatuz. Maite Goñik berak azpimarratu duenez, "euskara maila gorenean egotea nahi dugu. Istorio handiak euskaraz ere kontatu behar, entzuleek merezi baitute kalitate hori. "Ainguratuak" bezalako proiektuekin erakusten dugu posible dela: kalitate handiko istorioak, hemen sortuak eta euskaraz kontatuak".
Fitxa teknikoa
Zuzendaria: Oier Aranzabal
Gidoia: Xabier Etxeberria eta Martin Etxeberria
Aktoreak: Ane Gabarain, Miren Gaztañaga, Angela Lopez, Naomi Mendizabal, Kepa Errasti, Itziar Atienza, Jon Olivares, Mikel Losada, Egoitz Lasa, Asier Sota eta BIEUSE bikoiztaile euskaldunen kooperatibako kideak.
Aktore zuzendaritza: Anartz Zuazua
Jatorrizko soinu-banda: Rafa Rueda
Artea: Alain Urrutia
Soinu diseinua eta grabaketa: Jon Gartzia, Christian Gil, Marina Perez eta Luken Saenz
Nahasketa: ULU estudioak (Lasarte)
Ekoizpena: ULU Media, EITB Mediarentzat.