Audientzia
Korrikaren emanaldiak milioi bat ordu baino gehiagoko jarraipena izan du EITBren euskarrietan
EITB
YouTube kanalean 2.000.000 ikustalditik gora izan ditu zuzeneko seinaleak, eta 200.000 inguru ETB ON plataforman. Telebistan ere datu bikainak: 543.000 ikus-entzulek egin dute bat ETB1en eta ETB1 ON-en Korrikaren inguruko emanaldiekin.
Korrika 24 amaiera ekitaldiko irudia
Beste behin, EITBk onena eman du Korrikaren emozio guztia, kilometroz kilometro, herritar guztiengana helarazteko, eta erantzuna sekulakoa izan da: 1.015.511 kontsumo-ordu izan dira EITBren YouTube kanalean, ETB ON plataforman eta telebistan.
Korrikak iraun duen 11 egunetan, euskararen aldeko lasterketaren 24 orduko zuzeneko eta etengabeko seinalea eskaini du EITBk eta, aurten ere, erreferente izan da zuzeneko irudia mundu osoari eskaini eta bertan jarraipena egiteko: EITBren YouTube kanalean 2.128.921 ikustaldi izan dira, eta, guztira, 419.764 ordu kontsumitu dira.
Horrez gain, ETB ON plataforman ere emititu da 24 orduz seinalea, eta 196.047 erreprodukzio izan dira bertan. Zuzeneko seinaleaz gain, beste hainbat eduki eskaini dira, kanal berezian: Herriz herri, Airetik eta Euskara atalak.
Telebistan ere datu bikainak izan ditu lasterketak: martxoaren 19a eta 29a bitartean, 543.000 ikus-entzulek egin dute bat Korrikarekin ETB1en eta ETB1 ONen. Guztira, gainera, 564.000 orduz jarraitu da Korrika bertan. ETBk zuzenean eskaini ditu hasiera eta bukaera ekitaldiak, eta igandean Bilbotik egindako saio berezia, gainera, liderra izan zen, % 17,9ko audientzia-zatiarekin. Zehazki, % 9,3ko kuota lortu zuen ETB1en eta % 8,6koa ETB1 ONen. Euskaldunen artean, guztira, ia % 30ekoa izan zen.
Saio bereziaren irudia
Bere hedabideetan Korrikari egunero leihoa zabaltzeaz gainera, EITBk hiru kilometro egin ditu lasterketan: Iruñean, Donostian eta Bilbon. Horrez gain, laguntzaile adimentsu bat jarri du martxan aurten Korrika denbora errealean jarraitzeko.