Audientzia
440.000 ikus-entzulek baino gehiagok egin dute bat ETB1ekin Itzulia ikusteko, 2007tik kuotarik onena lortuta
EITB
Lasterketaren zuzeneko emanaldiak % 9,6ko audientzia-zatia eskuratu du batez beste. Bereziki aipagarriak dira azken etaparen datuak, % 10,9ko share-arekin eta 200.000 ikus-entzule baino gehiagoko audientzia metatuarekin. 77.000 pertsonak baino gehiagok jarraitu dute ETB ON plataforman.
Itzulia 2026 EITBn
Gure txirrindularitza lasterketarik nazioartekoenaren 2026ko edizio honek audientzia arrakasta handia lortu du EITBn: Itzulia Basque Country lasterketaren zuzeneko emanaldiak azken hemeretzi urteetako kuotarik handiena izan du ETB1en, % 9,6ko batez bestekoarekin ( % 16,6 euskaldunen artean). Emankizunak 444.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du Euskadin eta eragin eremuan sei etapa hauetan zehar.
Azken bi egunetako datuak nabarmentzen dira bereziki: % 11,5eko kuota Eibar-Eibar etapan (% 18,6 euskaldunen artean); eta % 10,9koa Antzuola-Bergaran ( % 20tik gorakoa euskaldunen artean). 200.000 ikus-entzulek baino gehiagok egin zuten bat ETB1ekin edizio honetako azken etapa eta podiuma jarraitzeko.
Horri, gainera, ETB ONen emanaldiaren datuak gehitu behar zaizkio, 77.400 lagunek ikusi baitute aurtengo Itzulia EITBren telebista plataforman.
Profesional talde zabala lanean aritu da egunero probaren xehetasun eta emozio guztia kontatzen, ETB1en, ETB ON plataforman, kirolakeitb.eus webgunean, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian.
EITB lasterketaren babesle izan da beste behin eta txirrindulari gazte onenari EITB Saria eman dio azken egunean Paul Seixasi, 2026ko irabazleari.