Itxi

EITB Taldea

Atlético Madrid-Real Sociedad partida zuzenean eta Koparen Bila! programazio berezia, EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

Norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian, baita Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere. ETBko kiroletako albistegiak Sevillatik egiten ari dira eta larunbat arratsaldean, ETB2ko "Euskadi Quédate" saioa ere bertatik egingo dute.

Atlético Madrid-Real Sociedad partida, zuzenean, EITBn

EITBk zuzenean eskainiko du larunbatean Realak eta Atlético de Madrid taldeak jokatuko duten Errege Kopako finala. ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian ikusteaz gain, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da norgehiagoka zirraragarria. Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, Koparen bila lelopean.  

Ostegun gautik ETBko kirol albistegiak Sevillatik ari dira egiten, Ana Ramosek eta Jon Balentziagak gidatuta. Asier Aranguren, Iñaki Mikeo eta Diego Alvarez de Arcaya ere bertan dira, Realaren azken ordukoa eta zaleen emozioa jasotzeko. Larunbatean, "Koparen Bila" saio berezia egingo dute, 20:30ean hasita, Sevillatik bertatik Jon Balentziagak gidatuta eta Bilboko EITBren egoitza nagusitik Iñigo Barrenak eta Amane Ibañezek. Norgehiagokaren kontakizuna Jon Elortzak, Juanan Larrañagak eta Asier Arangurenek egingo dute, eta Donostiako arreta gunea Aitor Sainzek jarraituko du. Zuzeneko saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. 

Ainhoa Furundarena da ETBko albistegietako bidali berezia Sevillan, eta Asier Otegui eta Xabier Sukia ere bertan dira, ostiraleko "Egun On" eta "Biba Zuek!" saioetan berri emateko. 

ETB2n,"Especial Euskadi Quédate Koparen Bila" saio berezia izango da ikusgai larunbatean, Sevillatik zuzenean, 19:00-21:00 bitartean, Odei Esnaolak aurkeztuta. Talde txuri-urdineko aurpegi ezagunak, jokalari ohiak, zaletuak eta kazetariak elkarrizketatuko dituzte. Gainera, Donostian eta Gipuzkoako beste hainbat herritan (Lasarte-Oria, Tolosa, Zumarraga…) ezarritako fan zonetan bizi den giroa ere jasoko dute.

Kopako final batean inoizko lantalderik handiena izango du Euskadi Irratiak: Maitane Urbieta buru dela, Amaia Eneterreaga, Unai Urreaga, Iñaki Berastegi, Txetxu Urbieta eta Mikel Fonseca joan dira Sevillara. Magazinetan eta kirol tarte guztietan bertan bizi den giroaren berri emango dute. Larunbatean, arratsaldeko lauretan hasiko den "Hiru Erregeen Mahaia" saioan izango dugu entzungai partida, Nerea Zusberro, Bittor Alkiza eta Txema Añibarro adituen ikuspuntu teknikoarekin.   

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena ari dira eskaintzen Kopako finalari, Sevillara joandako bidali berezien bitartez: Rafa Mungia, Olatz Foruria, Diego Arambalza, Gorka Saavedra, Javi Gonzalez Toston eta Joseba Urruela. Larunbat eguerdian, 13:05-14:00 bitartean, atariko saioa egingo dute, eta 17:00etatik aurrera, goizaldera arte luzatuko den "Kirol Festa" saioa. Finalaren kontakizuna egiteko, Larraitz Lucas ohiko kolaboratzailearekin batera Mikel Llorente arituko da aditu lanetan. 

Azkenik, Iker Garate joan da Sevillara EITBren euskarri digitaletarako eduki bereziak sortzera. kirolakeitb.eus atari berrian eta Instagrameko kontuan egongo dira guztion eskura.

Bideoak (1)