Audientzia
218.000 lagunek egin zuten bat Surne Bilbao Basketen finalaren inguruan ETBk egindako jarraipen bereziarekin
Partidaren zuzeneko emanaldiak % 11,8ko audientzia zatia lortu zuen ETB1 eta ETB1 ONen, eta euskaldunen artean lider izan zen % 13,7arekin. Ospakizunarekin bat egingo du Euskal Telebistak eta "Euskadi Quédate" saioak jarraipen berezia eskainiko du 17:45etik aurrera. Finala ikusgai dago ETB ONen.
Bilbao Basketen ospakizuna, EITBn
Surne Bilbao Basketen final handiaren inguruan Europa Uztaipean jarraipen berezia eskaini zuen atzo Euskal Telebistak, eta audientziaren babes zabala lortu ere: 218.000 lagunek bat egin zuten ETB1 eta ETB1 ONekin, partidaren zuzeneko emanaldia zein aurreko eta ondorengo saio bereziak euskaraz jarraitzeko.
FIBA Europe Cupeko titulua berretsi zuen bart Surne Bilbao Basket taldeak Miribillan jokatutako itzulerako partidan, PAOK Salonica talde greziarrari 89-74 irabazita. Norgehiagokaren zuzeneko emanaldiak % 11,8ko audientzia-kuota lortu zuen, eta liderra izan zen euskaldunen artean, % 13,7ko datuarekin.
Txapelketa bi aldiz irabazi duen lehen taldea da Surne Bilbao Basket, eta gaur arratsaldean titulua ospatuko dute Bizkaiko hiriburuan. ETB2n zuzenean jarraitu ahal izango dugu festa. Horretarako, "Euskadi Quédate" programak hasiera ordua aurreratuko du eta, 17:45etik aurrera, ospakizunen jarraipen berezia egingo du, Odei Esnaolaren eskutik.
Hori guztia zuzenean jarraitu ahal izango da ETB ONen ere. Nola ez, atzoko final handia berriz ere ikusteko aukera dugu EITBren telebista plataforman.