Maiatzak 28
'Marco, asmatutako egia' filmaren estreinaldia, euskaraz, PRIMERAN plataforman
EITB
Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduta, Eduard Fernández Goya sariduna dugu protagonista. Enric Marcoren istorioa du oinarri, mundu osoari nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela sinetsarazi zion gizonaren istorioa. Ekainean iritsiko da ETB2ra.
'Marco, asmatutako egia' PRIMERAN plataforman
Azken urteotan euskal zinemak eman duen pelikularik goraipatuenetako bat estreinatuko du aste honetan PRIMERAN plataformak: Marco, asmatutako egia (2024). Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduta, EITBren parte-hartzea du eta Eduard Fernández eta Natalie Poza ditugu protagonista, errealitatearekin eta fikzioarekin jokatzen duen thriller honetan.
Enric Marco inoiz existitu ez zen deportatua izan zen. Jendartean zein bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela. Karismatikoa eta sinesgarria, Marco Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera iritsi zen; eta, bertan, bere ustezko ausardiagatik eta sufrimenduagatik gizartearen miresmena jaso zuen. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua zela aurkitzen duen arte.
Veneziako Mostran aurkeztu zuten lana, eta lehen aldia izan zen EITBren parte-hartzea duen film bat nazioarteko zinema-jaialdi entzutetsuaren Orizzonti sailean lehiatzen zena. Ondoren, Donostia Zinemaldian estreinatu zuten; eta, ordutik, hainbat sari eskuratu ditu, tartean Forqué, Feroz eta Goya sariak Eduard Fernández aktorearentzat, eta makillaje eta ile-apainketa onenaren Goya saria Karmele Soler, Sergio Pérez Berbel eta Nacho Díazentzat.
Daniela Brown, Chani Martín eta Sonia Almarcha antzezleek osatzen dute aktore taldea. Gidoia Aitor Arregi, Jon Garaño, Jorge Gil Munarriz eta Jose Mari Goenagarena da eta, besteak beste, Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeen eskutik dator filma.