Itxi

Inbertsioak

UHD teknologiako unitate mugikor berria eskuratu du EITBk kanpoaldeko ekoizpenetarako

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi ibilgailu arinek osatzen dute ekipamendua eta Euskal Herriko edozein txokotara iristeko aukera emango dute, baita urruneko produkzioak egiteko ere.

EITBren unitate mugikor berria

EITBk inbertsio estrategikoak egiten jarraitzen du, merkatuaren eskakizunetara egokitu eta kudeaketa teknologikoko eredu berria ezarri asmoz. Bide horretan, kanpoaldeko ekoizpenetarako hirugarren unitate mugikorra eskuratu du. Emanaldiak UHD teknologian egiteko ibilgailu arina da, Euskal Herriko edozein txokotara iristeko aukera emango duena. UM3ak ibilgailu osagarri bat du, gainera, urruneko produkzioak egiteko. 

UM3a, barrutik

Unitate mugikor berriko elementu nagusia prestatuta dago ekitaldia grabatu eta lekuan bertan programaren errealizazioa egiteko, UHD formatuarekin. Bigarren ibilgailua garraiorako erabiliko da: dagokion gunera kamerak, mikroak eta gainerako tresneria eramateko. Horrekin batera, bi aukera eskaintzen ditu: batetik, UM nagusian ekoiztutako seinalea Internet lotura bidez helarazteko; bestetik, urruneko produkzioa egiteko, ibilgailu nagusia eraman gabe. Kasu horretan, kamera eta mikroen seinalea Bilboko EITBren egoitzara bidaliko luke, bertan prestatutako gela teknikoan ekoizpena osatu eta errealizazioa egiteko. 

2024an egin zuen EITBk UHD teknologiarako jauzia kanpoaldeko ekoizpenetan. Orduan eskuratutako azken belaunaldiko UM2ak hainbat ekitaldi ekoiztu ditu formatu horretan, irudi kalitate, gardentasun eta bereizmen handiagoarekin, eta 5.1 soinu inguratzailearekin.  

EITBren UM2a