Saria
"Cannabis Belaunaldia" saioak 2026ko Once Solidarios saria jaso du Komunikazioaren atalean
EITB Media
Gero eta handiagoa eta askotan isildua den arazoa ikusarazteko saioak egiten duen ekarpen sozialagatik nabarmendu dute. Halaber, EITBk ekoiztutako ikus-entzunezkoa oinarri hartuta, Hezkuntza Sailak proposamen didaktikoa landu du DBHko ikasleen artean banatzeko.
Ekitaldiko familia argazkia. Grupo Social ONCE Euskadi.
ETB ON plataforman eskuragai dagoen "Cannabis Belaunaldia" dokumental sailak aurtengo Euskadiko ONCE Gizarte Taldearen Sari Solidarioa jasoko du, Komunikazioaren atalean, astearte honetan (ekainak 2). Gero eta handiagoa eta askotan isildua den arazoa ikusarazteko saioak egiten duen ekarpen sozialagatik nabarmendu dute: nerabeen eta gazteen artean cannabis kontsumoaren normalizazioa eta horrek osasun mentalean, bizi-garapenean eta familia-bizikidetzan duen eragina azpimarratu du ONCEk.
Orain gutxi ETBn estreinatutako saioa oihartzun handia izaten ari da gizartean, "Porno Belaunaldia" eta "Klik Belaunaldia"ren arrakastaren eta onarpen sozialaren ondotik. Ildo bera dute hiru lanek: errealitate konplexuak argitara ekartzea, datuekin, testigantzekin eta arduraz.
Halaber, Hezkuntza Sailak proposamen didaktikoa landu du EITBren ikus-entzunezko lan hau oinarri hartuta. Cannabisaren kontsumo goiztiarraz ohartarazteko, gaiari ikuspegi hezitzaile eta prebentibotik heldu eta ikasleen pentsamendu kritikoa eta erabaki arduratsuak sustatzeko zabaldu dute unitatea DBHko ikasleen artean.
Historia errealen bitartez, "Cannabis Belaunaldia"k begiak zabaldu nahi dizkie sustantzia honen kontsumoak nerabezaroan garuneko kalte larriak sortzen dituela ikusten ez dutenei. Belaunaldi berrien osasun mentala jokoan dagoela eta arriskuak ezin direla gutxietsi behar erakutsi nahi da, eta egoera horretatik ateratzen lagundu. Medikuek, terapeutek, psikologoek, psikiatrek, katedradunek, poliziek eta menpeko izan direnek benetako ondorioak ulertzen laguntzen dute.