Itxi

Ekainak 4

"Tamara ta Mara" EITBren euskarazko fikzio berriaren estreinaldia, PRIMERAN plataforman

EITB

Begira Produkzioakek ekoitzi du eta Ane Rotaetxek zuzendu. Gidoian, Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazorekin batera, Antton Telleriak hartu du parte. Komedia feminista zoro bezain ausarta da, eta euskarazko fikzio seriatua indartzeko EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdi bigarren telesaila.

"Tamara ta Mara" fikzioaren aurkezpena

Gaur gauean, 22:00etan, PRIMERAN plataformak "Tamara ta Mara" EITBren euskarazko telesail berria estreinatuko du, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri protagonista direla.

Bi aktore gazte, Tamara ta Mara, casting areto batean aurkituko dira. Biak daude krisi pertsonal eta laboral sakonean murgilduta eta proiektu hau aldaketarako aukera izan daiteke. Baina bi aktoreen artean duela urtebete gertatutako zerbaitek lan-prozesua hankaz gora jarriko du eta bakoitzaren desio, izu eta frustrazioak azaleratuko dira.

Ekoizpen berri honek hogei minutuko lau atal ditu. Lehen hirurak Azkuna Zentroko Golem zinema aretoan proiektatuko dira gaur arratsaldean, pantaila handian.

"Hasierako momentutik kritika soziala egiteko komedia bat lantzeko gogoa izan nuen. Hainbeste argi-ilun dituen gure ikus-entzunezko mundutik abiatuta, geure buruei barre egin nahi izan diogu. Hortaz, prekarietatea, sare sozialen gain-esposizioa, harreman toxikoak, zaintza… bezalako azpigaiak ere jorratu nahi izan ditugu, beti ere, umoretik", azaldu du Ane Rotaetxe zuzendariak proiektuaren abiapuntua dela-eta. Estreinakoz aritu da Rotaetxe fikzioa zuzentzen. "Zuzendari bezala, neure lehen aldia izan den honetan ezin hobeto inguratuta egon naiz eta plazerretik lan egiten saiatu naiz, gidoien lanketatik hasi eta estreinaldia den aste honetara heldu arte". Umorea eta aldarrikapena erdigunean jarri dituzte. "Telesail bat egiteak suposatu duen bidaiaren gozamenaren foko hori galdu gabe, umorea egin dugun momentutik, guk geuk ere ondo pasatzea jomugan izan dugu prozesu guztian zehar", gaineratu du.

Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri antzezle nagusiekin batera, Mikel Losada eta Lander Otaola aktoreen agerraldi bereziak ikusiko ditugu; eta luxuzko cameo-ak ere: Lara Izagirre zuzendari eta ekoizlea; Katixa Agirre idazlea; EITB eta telebista munduko Félix Linares, Dani Álvarez, Andoni Calvo, Sara Gandara, Xabier Madariaga, Ana Goitia, Malen Altuna eta Aitziber Grados; eta Jonkass DJ-a, besteak beste.

EITBren Formatu txikiak, Talentu berriak deialdiaren testuinguruan estreinatu den bigarren telesaila da hau. Deialdira aurkeztutako proiektuetan euskal emakume profesionalen parte-hartzea azpimarratu du Vanesa Fernández EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak: "Deialdi berri honetako telesail gehienak emakumeek zuzentzea edo zuzendarikide aritzea albiste aparta da euskal ikus-entzunezko sektorearentzat. EITBrentzat estrategikoa da zuzendari eta ekoizleez gain, bestelako emakume profesionalen parte-hartzea sustatzea, belaunaldi berriek gure lurraldeko emakume erreferentziak izan ditzaten eta, gainera, euskaraz".

FITXA TEKNIKOA:

ZUZENDARITZA: Ane Rotaetxe

GIDOILARIAK: Ane Rotaetxe, Larraitz Zuazo, Antton Telleria, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe

ANTZEZLEAK: Ainhoa Artetxe, Ainhoa Etxebarria, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga, Koldo Olabarri. 

AGERRALDI BEREZIAK: Lara Izagirre, Mikel Losada, Lander Otaola, Katixa Agirre, Dani Álvarez, Félix Linares, Sara Gandara, Xabier Madariaga, Andoni Calvo, Jonkass, Ana Goitia, Aitziber Grados, Malen Altuna

ERREALIZAZIOA: Oier Romatet

PRODUKZIO EXEKUTIBOA: Larraitz Zuazo 

PRODUKZIO BURUAK: Janire Olabarriaga - Elena Galdiz 

ARGAZKI ZUZENDARITZA: Mattin Saldias

ARTE ZUZENDARITZA: Nay Garai 

MUNTAIA: Nagore Ruedas 

MAKILLAJE BURUA: Ana Vega 

ILEAPAINDEGI BURUA: Rakel Blazquez

SOINU BANDA: SILITIA 

GENEROA: Komedia 

EKOIZTETXEA: BEGIRA PRODUKZIOAK / EITB MEDIA 

EKOIZPEN URTEA: 2026