Itxi

ALIANTZA

EITB, Jai Alai Leagueko erakusleiho nagusia: Zesta-puntarentzat mugarria den hitzarmen berria

EITB

Leer en Castellano

Euskal Irrati Telebistak urte osoan zehar eskainiko du zesta-puntako liga profesionala, orain arteko jarraipena indartuz. Gizonezkoen eta emakumeen txapelketari 'Challenger' maila batuko zaio orain.

Aurkezpenaren talde-argazkia

Zesta-puntaren aro berriak bere "argazki ofiziala" atera du gaur EITBren Bilboko egoitzan. Horren arrazoia, Euskal Irrati Telebistak eta Jai Alai League-ak sinatu duten lankidetza hitzarmen berria da, urtean zehar zesta emanaldi gehiago emateko konpromisoa finkatu duena. Aurrerapauso oso garrantzitsua da, EITB Jai Alai Leagueren telebista nagusi bihurtuko delako, baita Ligaren ikus-entzunezko edukien hornitzaile printzipal ere.

Akordioaren garrantzia berebizikoa da eta horren erakusle, ekitaldian izan den ordezkaritza maila: Andoni Aldekoa eta Joseba Urkiola, EITBren zuzendari nagusi eta Kirol zuzendaria, hurrenez hurren; beraiekin batera, Jai Alai Leagueren egituran batuta dauden Iparraldeko eta Hegoaldeko enpresa eta antolatzaile guztiak: Eraman!-eko Gaizka Muniategi, Donibane Lohizuneko Frédéric Cadet eta Paueko Jean Marc Olharan, besteak beste. Aurkezpenean ez dira falta izan kantxako protagonistak: pilotariak.

Duela bost urte Ameriketako aroa itxi eta umezurtz geratu zen zesta-punta; Euskal Herrian udako txapelketa solte batzuk baino ez ziren jokatzen. Gaur egun, Jai Alai Leagueak hiru zutabe nagusi ditu: gizonezkoen lehen maila, emakumeen liga eta sortu berri den 'Challenger' kategoria, lehen mailako izarren aurka jokatu nahi eta ate joka ari diren pilotariei zuzendutakoa.                                                     

2026-27 denboraldian 250 jaialdi baino gehiago antolatuko ditu Jai Alai Leaguek eta 50 inguru eskainiko dira ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian. Horien artean, ikusgarritasun handiko txapelketak: hala nola Winter Series, Donibaneko Nazioartekoa, Bilboko Iron Cup, Urrezko Xistera eta Donostiako Final Four.

Elkarlan bide hau dela medio, gainera, Ligaren urte osoko jarraipen informatiboa egingo du EITBk bere hedabide guztietan, erreferentziazko telebista izango da ETB Iparraldeko txapelketa zein sponsorrentzat ere.