Itxi

Estreinaldia

"Naruto" anime japoniar arrakastatsua, estreinakoz euskaraz, EITBren PRIMERAN plataforman

EITB

Leer en Castellano

Ostegun honetan, ekainak 25, estreinatuko ditu PRIMERANek lehen bost atalak. Guztira 52 kapitulu eskainiko ditu, ostiralero bost berri, lehen aldiz euskaraz bikoiztuta. Estreinaldiaren bezperan, EITBk aurrestreinaldi esklusiboa antolatu du Bilboko egoitzan.

Naruto, PRIMERAN plataforman

Animearen aldeko apustua indartzen jarraitzen du PRIMERAN plataformak, nola eta "Naruto" kultuko seriea lehen aldiz euskaraz eskainita. Ostegun honetatik aurrera lehen bost atalak ikusgai izango ditugu EITBren streaming plataforman.

Masashi Kishimotok sortutako izen bereko mangan oinarritutako animazio japoniarreko seriea da "Naruto". Animea jatorriz Hayato Datek zuzendu zuen, eta Studio Pierrot ekoiztetxe japoniarrak ekoitzi. Konoha herrixkako ninja (shinobi) bat da Naruto. Bederatzi Isatseko jinchrikia izateagatik da ezaguna, jaiotzean bere barnean zigilatutako azeri deabru bat. Horrek haurtzaro bakarti bat izatera eta bere herriaren errekonozimendua bilatzera bultzatu zuen.

Hala, bere herrixkako liderra izatea amets duen ninja gaztearen istorioa dugu erdigunean, Hokage izatea helburu duen Naruto Uzumakiren istorioa, alegia. Telesailean zehar adiskidetasuna, nortasuna, abentura eta akzioa dira elementu nagusiak, garapen emozionala modu transbertsalean landuta.

Nazioarte mailan arrakasta handia eta jarraitzaile komunitate zabala duen anime ospetsuenetako bat da hau, baina orain arte ez da inoiz euskarara bikoiztu. Aurrerantzean, euskaraz gozatzeko aukera izango dugu, PRIMERANen, besteak beste Iosu Diaz (NARUTO), Igone González (SAKURA), Julen Agirrezabala (SASUKE), Jose Martin Zabala (NARRATZAILEA eta SARUTOBI), Pello Artetxe (NINJA 1 eta IWANA), Mikel Sagarzazu (NINJA 2 eta SHIKAARU), Jon Goirizelaia (NINJA 3 eta IRUKA), Iñigo Elosegi (NINJA 4 eta BEKKO) eta Joseba Cordon (NINJA 5) bikoiztaileen ahotsetan. Mixer estudioetan egin da bikoizketa, Miren Mujika izan da itzultzaile eta egokitzailea eta Josu Diaz, berriz, bikoizketa zuzendaria.

Aurrestreinaldi esklusiboa, pantaila handian

PRIMERANeko estreinaldiaren aurretik, jarraitzaile gutxi batzuek aukera izango dute lehen lau atalak euskaraz eta pantaila handian ikusteko. Gaur izango da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan, 18:00etatik aurrera, Joseba Olagaraik aurkeztuta. Bertan izango dira itzutzaileetako batzuk: Igone González (SAKURA), Julen Agirrezabala (SASUKE), Mikel Sagarzazu (NINJA 2 eta SHIKAARU), Joseba Cordon (NINJA 5), Andrea Sanz eta Yeray Varela. Aforoa beteta dago jada. 

 

 

 

 

Informazio gehiago (1)