Itxi

Fikzio berria

Mikel Santiagok eta Txemi Parrak sortu eta Mikel Ruedak zuzendutako "Boga" filmatzen hasi dira EITBrentzat

EITB

PRIMERAN plataforman estreinatuko den fikzioaren protagonista nagusiak Iraia Elias eta Mikel Losada dira. Haiekin batera, Mikel Niso, Mikel Kaye, Iker Roca, Markel Sainz eta Ander Martinez ditugu, besteak beste. Mikel Santiagok eleberritik fikzio seriatura jauzi egingo du proiektu honekin.

"Boga" fikzio berriarn filmaketa. Argazkia: Unai mateo

Mikel Santiagok eta Txemi Parrak EITBren PRIMERAN plataformarako sortu duten "Boga" telesailaren filmazioa hasi zen joan den ekainaren 15ean Bizkaiko eta Arabako zenbait kokalekutan. Mikel Ruedak zuzendutako sei ataleko ekoizpenaren protagonista nagusiak Iraia Elias (Amama; Oreina; Un fantasma en la batalla) eta Mikel Losada (Kutsidazu bidea, Ixabel; Ane; Los aitas) dira. Haiekin batera, Mikel Niso (Boulevard; Infamia), Mikel Kaye (Bitartean, Gero), Iker Roca (Innato), Markel Sainz (Talentua; Esa noche) eta Ander Martínez (Querer) arituko dira, besteak beste.

Fikzioaren abiapuntua bost gazteren ospakizuna da. Beren bizitzako traineru txapelketa garrantzitsueneko finalerako sailkatu direla ospatzen ari direla, gazte bat harrapatuko dute nahi gabe. Zoragarri hasten ari zen uda hori gain behera joango da, gorpua urpean hondoratu eta isiltasun paktu bat hitzartuko dutenean, garaipenerako bidean trabarik egon ez dadin. Baina Ertzaintza desagerpena ikertzen hasiko da, eta presioa eta kulpa borborka hasiko zaizkie arraunlariei eztanda egin arte. 

"Boga" fikzio berriaren filmaketa. Argazkia: David Herranz

Mikel Santiagok, suspensea lantzen duen idazle ospetsuak, eleberritik fikzio seriatu independentera jauzi egingo du proiektu honekin. Plano a Plano Bilbao enpresak (ITV Studiosen barne dago) ekoiztuko du, Producciones Innatas AIE-rekin eta Euskadi Movie-rekin lankidetzan.

Horiekin batera, honako hauek osatzen dute lantaldea: Oscar Rubio, ekoizpen zuzendaria; Aitor Mendilíbar, argazki zuzendaria; Haizea Huegun, soinu bandaren sortzailea; Eider Ruiz, arte zuzendaria; Blanca Otamendi, makillaje burua; Aitziber Alor, ile-apaindegiko arduraduna; Karla Biondini eta Itxaso Beistegui, jantzien diseinatzaileak; Ángel Armada, postprodukzioko arduraduna; eta Josu Bilbao, castingaren arduraduna.