Itxi

Sanferminak 2026

San Fermin jaien atarian, 'La escalera' dokumentala estreinatuko du ETBk igande honetan

EITB Media

Leer en Castellano

Sanferminetarako atzera-kontaketa ardatz hartzen duen ikus-entzunezko lana astearte arratsaldean aurkeztu zuten Nafarroako Filmotekan EITBko eta Labrit Multimedia, Arena eta Clau ekoiztetxeko ordezkariek.

Aurkezpen ekitaldiko irudia. EITB Media

'La escalera' dokumentala estreinatuko da igande honetan ETB2n eta ETB ON plataforman, 23:20ean. Iruñeko San Fermin jaietako tradizio bitxi eta berezienetako bat hartzen du ardatz ikus-entzunezko lanak: "La escalera" kantuan aipatzen den atzera kontaketa. Labrit Multimedia, Arena eta Clau ekoiztetxeek egin dute EITBrentzat. 

Data horietako bakoitzak (urtarrilak 1, otsailak 2, martxoak 3, apirilak 4, maiatzak 5 eta ekainak 6) iragartzen du uztailaren 7rako gero eta gutxiago falta dela. Familiak, kuadrillak, peñak, lagunarteak eta elkarteak mahaiaren bueltan elkartzen dira, janaria, solasa, umorea eta sanferminetako emozioa partekatzeko. 

Dokumentalak ospakizun horren barruko giroa erakutsiko digu, egun seinalatu hori ospatzen duten familien eta lagun kuadrillen bitartez. Kamerak etxeetan, peñetan eta elkarteetan sartuko dira, Iruñean oso errotuta dagoen ohitura publiko zabalari hurbiltzeko.  

Telebistako emankizunaren aurretik, astearte arratsaldean, aurrestreinaldia egin zen Nafarroako Filmotekan. Bertan egon zen Gorka Garcia ETBko Arte eta Entretenimendu zuzendaria eta EITBren Iruñeko egoitzako hainbat lankide, hiru ekoiztetxeetako ordezkariekin batera.