Haurrentzako plataforma
100.000 erabiltzaileko langa gainditu du MAKUSIk
EITB
Udarako abentura berriekin datorkigu EITBren haur eta gazteentzako plataforma, besteak beste, "Ultra Violet eta Eskorpioi Beltza" izeneko telesail berria, "Go!azen 13" udako bideokliparen estreinaldia, eta Pirritx eta Porrotxen ikuskizun berezia Algara Dantza taldearen 25. urteurrena ospatzeko.
MAKUSI
MAKUSI unibertso digitalak hazten jarraitzen du eta, jada 100.000 lagun dira EITBren haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforman.
Uda behar bezala abiatzeko, gainera, estreinaldi sorta dakarkigu. Horietan berezienetako bat estreinatu berri den "Go!azen 13" udako bideoklipa. 13. denboraldiaren grabaketak abian daude eta udazkenean izango dugu abentura berriekin gozatzeko aukera; baina, aurretik, urtero bezala, Basakabiko lagun-kuadrillak bideoklip berezia grabatu du: "Bart".
Horrez gain, "Ultra Violet eta Eskorpio Beltza" telesaila estreinatu berri du MAKUSIk, ekintzaz eta superboterez beteriko abentura, Violet protagonista gaztearen bueltan. Maskara magiko bati esker, super-abiaduraren boterea eskuratuko du protagonistak, eta familia arteko sekretu handi bat deskubrituko du. Umorea, akzioa eta adiskidetasuna eskainiko digu telesailak.
Uztailaren 10ean estreinatuko du MAKUSIk "Loa eta Laia" telesailaren "Bizikleta" izeneko abesti berria, eta "Naruto" anime arrakastatsuaz euskaraz gozatzeko aukera ere izango dugu, uztailaren 17tik aurrera. Azkenik, Pirritx eta Porrotxen ikuskizun berezia ere izango dugu udako proposamenen artean. Gasteizko Algara Dantza taldearen 25. urteurrena ospatzeko egindako jaialdian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskainitako ikuskizun berezia MAKUSIn izango dugu primizian, abuztuaren 7tik aurrera.
Haur eta gaztetxoentzako euskarazko ikus-entzunezko edukien katalogo zabala osatzen jarraitzen du MAKUSIk, etxeko txikientzako pentsatutako ingurune digital seguru eta doako batean. Udan ere, goazen lekura goazela, MAKUSI etxeko txikienekin.