GAZTEA GAUA
Gaztea Gauak Euskal Herriko jaiak girotuko ditu abuztuan
EITB Media
Beste urte batez, Gaztea Gauak Euskal Herriko udako jai nagusietan izango du hitzordua. Gasteiz, Zarautz eta Bilboko agertokietan euskal musikaren hainbat erreferentek zuzenean joko dute.
Gaztea Gaua Zarautzen
Udak aurrera egin ahala, jaiak ere bertan dira eta beste urte batez Gaztea Gaua Euskal Herriko jaietan murgilduko da bete betean.
Gaztea Gauak Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan emango dio hasiera aurtengo birari. Foruen Plazan izango dira lehen bi kontzertuak: Etzakit abuztuaren 4an eta Neomak abuztuaren 7an, biak gaueko 00:00etan.
Abuztuaren bigarren hamabostaldian Gaztea Gaua Zarauzko Aste Nagusira iritsiko da. Abuztuaren 17an Olaia Inziarte eta Zeatikez zuzenean ariko dira oholtza gainean. Horiez gain, epaimahai batek aukeratutako bertako talde bat ere izango da. Hain zuzen ere, Zarauzko Udalak eta Gaztea Irratiak antolatutako Gaztea Gauan 80 taldek eman dute izena eta horietako batek izango du bere musika aurkezteko aukera bi talde ezagunekin batera.
Gaztea Gauaren aurtengo ibilbidea Bilboko Aste Nagusian amaituko da. Abuztuaren 26an ETS taldeak Europa Parkean eskainiko duen kontzertuarekin emango zaio amaiera zikloari.
Bestalde, MAKUSI GUNEA ere Bilboko Aste Nagusian izango da, Iruñeko sanferminetan izandako harreraren ondoren. Abuztuaren 22tik 30era, Txikigunean kokatutako MAKUSI GUNEAk askotariko jarduerak eskainiko ditu: margotzeko eta eskulanetarako txokoa, egurrezko jolasak, GOAZENeko diskoteka isila eta puxika zein kareten banaketa. Horrez gain, MAKUSIren maskotarekin argazkiak ateratzeko photocalla ere izango da.