Itxi

Eklipse gau handia EITBn

EITBk zuzenean eskainiko du eguzki eklipse historikoa, hainbat seinale eta bi globo estratosferikorekin

EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Telebistan, ETB ON plataforman eta ORAINen zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dugu eklipsea, 19:30ean hasiko diren emanaldi eta konexioen bidez. Gainera, Donostiako Aste Nagusiko ekitaldien baitan, EITBk Eklipse Gau berezia antolatu du abuztuaren 12an, Saguesen, musikaz lagunduta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Abuztuaren 12an fenomeno astronomiko historiko eta ikusgarria biziko dugu gurean: eguzki-eklipse oso bat. Zeruan ikusi ahal izango den ikuskizun paregabe hau gertutik jarraituko du EITBk bere hedabide guztietan eta, nola ez, zuzenean eskainiko ditu irudiak, Euskal Telebistan, ETB ON plataforman eta ORAIN albiste-zerbitzu digitalean. Horretarako, baliabide tekniko eta lantalde zabala jarriko ditu martxan EITBk, tartean bi globo estratosferiko. 30.000-35.000 bat metroko altuerara jaurtikiko dira, eklipsea estratosferatik ere eskaini ahal izateko. 19:30etik aurrera izango ditugu ikusgai zuzeneko seinale, saio eta konexio guztiak. 

EITBko irratiek ere gertutik jarraituko dute fenomeno berezi honen inguruko guztia, eta eduki bereziak ari dira jada eskaintzen "Eguraldia" saioan eta MAKUSI haurrentzako plataforman. Hori gutxi ez eta, kalean bertan, Eklipse Gaua antolatu du EITBk abuztuaren 12an, 19:00etatik aurrera, Donostiako Aste Nagusiaren baitan. Hala, Sagueseko agertokiko pantailen bidez une berezi hau jarraitzeko aukera izango da, musikaz lagunduta.

Programazio berezia eta zuzeneko seinalea 

ETB ON plataformak zuzenean eskainiko du eguzki-eklipse osoa 19:30tik 21:30era bitartean egingo den saio berezian, ETBko Zuzenekoak ekimenaren barruan. Joseba Olagarai kazetariak gidatuko du emankizuna Aguraindik, Mikel Falxa astrofisikaria lagun duela. Bertatik konexioak egingo dituzte Euskal Herriko puntu estrategikoekin: Bizkaiko Galea Lurmurretik hasi eta Nafarroako Bardeetara arte, Donostiako Saguesen EITBk antolatu duen ekitalditik pasa eta Lantziegotik estratosferara bidaliko den globora. Kokapen bakoitzak eklipsearen ikuspegi eta esperientzia desberdina eskainiko du. Drone bitartez lortutako irudiak eta FORTAko seinale bereziak  ere  jasoko dira.

Hori guztia zuzenean jarraitu ahal izango da ORAINen, ETB1en ("Gaur Egun" albistegiaren aurretik eta ondoren), baita ETB2n ere, 18:40etik 21:00etara Odei Esnaolak gidatuko duen "Euskadi Quédate" saio bereziaren barruan. 

'Euskadi Quédate' berezia

Dispositibo zabala jarriko dute abian ETBko albistegiek:  12 kameratik gora mugituko dituzte eta kazetari sarea ere hedatuko da Euskal Herrian barrena. Arnaitz Fernandez izango dute gaueko albistegian, eklipsearen fenomenoa ondo ulertzen laguntzeko, Arguedaseko Senda Viva natur-parketik zuzenean. 

Euskadi Irratiak, goizean goizetik, eklipsea ikusteko egokienak diren herrietako alkateekin hitz egingo dute, eta eklipsea gertatzen denean ere zuzeneko kontakizuna egingo dute. Irratsaio ezberdinetan astrofisikarien aholkuak bilduko dituzte, eta, besteak beste, animaliengan horrelako fenomenoak duen eragina aztertuko dute. Gainera, "Kantu Kontari" saio berezia egingo du Joseina Etxeberriak. Eguzkia ardatz hartuta, abesti bilduma berezia osatuko du. Programa entzungai egongo da GUAU plataforman. 

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrekin jorratuko dute eklipsearen unea, Sarai Perezek kaletik gidatuko duen "Ganbara" saio berezian. Nola ez, bidali bereziak izango dituzte lurralde guztietan. Goizeko irratsaioetan ere hizpide izango dute gaia, eta Radio Vitoriaren kasuan, fenomeno horretaz hobekien gozatu ahal izango den Arabako eremuekin konektatuko dute. Arabako azken eguzki eklipsea gogoratuko dute, eta bi eklipse ehiztarirekin hitz egingo dute. 

Globoaren zuzeneko seinalea, estratosferatik 

EITBk, Aranzadiren laguntzarekin, bi globo estratosferiko botako ditu, 30.000-35.000 bat metroko altuerara, eklipsearen ikuspegi berri bat eskaintzeko. EITB Lab-en ekimena da hau, estratosferatik ikuspegi erabat desberdina eskaintzeko. Globoetako batean 360 graduko kamera bat joango da, eta eklipsea estratosferatik grabatuko du; beraz, eklipseak gurean egiten duen itzala 35.000 metrora grabatuko du. Bestean, seinalea zuzenean eskainiko duen beste kamera bat joango da. Globoa nola igotzen den ikusteaz gain, eklipsea bera ere seinale horren bitartez jarraitzeko aukera izango dugu. Zuzeneko seinale hori ikusgai egongo da EITBko kanal eta plataforma digitaletan, eta 360 graduko irudiak, kalitate handian, hurrengo egunean.

Eklipse Gaua, Saguesen 

Eguzki-eklipsea kalean modu kolektiboan eta seguruan bizitzeko aukera ere eskainiko du EITBk,  Donostiako Aste Nagusiko programazioaren barruan. 19:00etatik aurrera eklipse gau erraldoia antolatu du Saguesen, zientzia, dibulgazioa eta musika uztartuko dituen ekitaldi berezi batekin. Jon Gomezek aurkeztuko du eta bertan eklipsea pantaila erraldoian jarraitu ahal izango da. Atzera kontaketa elkarrekin egingo dute, une magikoa iritsi arte, eta eklipseaz gozatu ondoren, festak aurrera egingo du Makala DJaren musikaz lagunduta. Sarrera librea izango da, eta homologatutako betaurrekoak banatuko dira, eklipsea segurtasun osoz jarraitzeko.

Pieza eta eduki bereziak "Eguraldia" tartean eta MAKUSI plataforman

"Eguraldia" saioan luze eta zabal aritu dira azken hilabeteetan eklipsearen inguruko eduki bereziekin. Horien artean, errealitate birtualari esker sortutako sei piezako serie berezia: zer da eklipse bat, nola bizi izan dugu mendeetan zehar, eklipseari lotutako beste fenomenoak (Bailyko perlak, diamante eraztuna eta eguzki koroa…), nola eragiten dien eklipseak animaliei… Gainera, hainbat astronomo, astrofisikari eta aditurekin elkarrizketak egin dituzte, eta astronomiari buruzko informazioa eta eklipsea behatzeko segurtasun datu praktikoak eta prestaketa bereziak landu ere. Abuztuaren 12ra arte gaia sakon lantzen jarraituko dute "Eguraldia" tartean. 

Arnaitz Fernandez

MAKUSIk Eguzki eklipse osoa izeneko dibulgazio-serie berezia kaleratu du, Arnaitz Fernandezek eta June Ansoleagak aurkeztuta. Eklipsearen nondik norako horiek guztiak haurrekin batera gozatzeko aukera eskaintzen digu bideo-sorta berezi honek.

Azkenik, abuztuaren hasieratik, eklipseari buruzko pieza berezi bat emitituko da EITB Transformazioa kanpainaren baitan.

EITB Transformazioa

 

Bideoak (1)