Aliantza
EITBk Natxo de Feliperen "Abandonatuak" kontzertua babestuko du, ostegun honetan, Musika Hamabostaldian
EITB
Inoiz grabatuak edo interpretatuak izan ez ziren Oskorriren abestiak eskainiko dituzte Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperenak. 19:00etan hasiko da emanaldia, Arantzazuko Santutegian, Hamabostaldiaren Musika Aitzaki egitarauaren barruan. Sarrerak agortuta daude.
Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperenak. Argazkia: Musika Hamabostaldia
2015eko azaroan Oskorrik amaitutzat eman zuen bere ibilbide luzea. 45 urtean zehar, 500 kantutik gora argitaratu zituen; baina asko dira argirik ikusi gabe geratu ziren abesti onak. Taldeak erretiroa hartu zuenean, Natxo de Felipek honako mehatxu profetikoa luzatu zien bere taldekideei: "Egunen batean, nire lagunek abandonatutako kantuak berpiztuko ditut, zuen lotsagarri". Ostegun honetan, abuztuak 20, beteko da "profezia" hura "Abandonatuak" izeneko ikuskizunarekin. Hitzordu berezia izango da, Arantzazuko Santutegian, Musika Hamabostaldiaren programazioaren baitan eta EITBren babesarekin.
Natxo de Feliperekin batera, oholtza gainean izango dira Xabier de Felipe (1. biolina), Przemyslaw Pujanek (2. biolina eta moldaketak), Esther Alba (biola) eta Karmele Castillo (biolontxeloa).
Kontzertu hau babesteaz gain, Donostiako Musika Hamabostaldiko hitzorduei zabalkundea egiten ari dira EITBko hedabideak, urtero bezala, bi erakundeen arteko elkarlan akordioaren barruan.