FESTVAL 2026
"Gaupasa" eta "Bizi Natura" sarituko dituzte FesTVal jaialdian, eta Mikel Lejarzak jasoko du EITB Saria
EITB TALDEA
Irailaren 12ko itxiera galan izango da, Gasteizko Europa Jauregian.
FesTVal 2026 sariak
Irailaren 7tik 12ra egingo den FesTVal Gasteizko Telebista Jaialdiak XVIII. edizio honetako hainbat sariren berri eman du, eta horien artean ditugu ETBko "Gaupasa" eta "Bizi Natura" saioak. Gainera, ohi bezala, telebista sektoreko profesional baten ibilbidea aitortuko du EITBk. Aurten Mikel Lejarzak (Bilbo, 1956) jasoko du EITB Saria, komunikabideen kudeaketan, ikus-entzunezko arrakasta handien ekoizpen exekutiboan eta unibertsitateko irakaskuntzan egindako lanagatik. 2026ko FesTVal jaialdiaren Itxiera Galan izango da, irailaren 12an, Gasteizko Europa Jauregian.
FesTVal sariak "Gaupasa" eta "Bizi Natura" saioei
Aurtengo edizioko sarituetako bat Euskal Telebistaren "Gaupasa" saioa izango da, "Julen Telleriaren eskutik, ETB1eko late night-a berritzeagatik. Elkarrizketak, umorea eta zuzeneko musika uztartzen ditu programak, Gaubanda talde propioarekin; eta ETB1eko gauetara ekarri du berriz ere elkarrizketarako tarte hurbil eta ausarta, aurpegi ezagun ugarik osatutako kolaboratzaileen talde zabalarekin".
"Bizi Natura"ri dagokionez, FesTValek azpimarratu du saioak erakutsi duen gaitasuna "Erresuma Batutik kanpo 'Springwatch 'formatu arrakastatsuaren lehen egokitzapena Euskal Herrira ekartzeko, Brutal Mediaren eta BBC Studiosen eskutik. Urdaibaiko Biosfera Erreserban instalatutako 18 kameren bidez, saioak bizitza basatia denbora errealean hurbildu die ikus-entzuleei, dibulgazio zientifikoa, entretenimendua eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuz".
Mikel Lejarzari EITB Saria
Mikel Lejarza Komunikazio Zientzietan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Geografia eta Historian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean. Lau hamarkada baino gehiago egin ditu komunikazioaren munduan, Euskal Telebistan hasi eta Telecinco eta Antena 3ko Telebista Dibisioko zuzendaritza nagusira arte. Garai hartako telesail eta formatu garrantzitsuenak bultzatu zituen Lejarzak. Ondoren, streaming sektorean eta nazioarteko ekoizpenean jarraitu du, aholkularitzen eta HBO zein Telemundo Global Studios bezalako operadore globalentzako fikziozko proiektuen aliantzaren bidez.
Iturria: FesTVal 2026