Itxi

Programazioa

EITB Irratiek denboraldi berria abiatuko dute astelehenean, zerbitzu publikoko izaerari tinko eutsiz

EITB

Leer en Castellano

Nobedadeen artean ditugu Mikel Rotaetxe Euskadi Irratiko "Baipasa" saioan, eta Maria Ruiz Radio Euskadiko "Boulevard" magazinean. Hurbiltasuna eta Arabako kirolak izango ditu oinarri Radio Vitoriak; eta Gazteak "Panorama" saio berria estreinatuko du, Ibon Fernandezen eskutik.

EITB Irratien denboraldi berriaren aurkezpena

Astelehenean, abuztuak 31, irrati-denboraldi berria abiatuko dute Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta EITB Musikan, edukiak eta zerbitzu publikoa erdigunean jarrita. EITBren Bilboko egoitzako harrera nagusian egin da programazio berriaren aurkezpena, Maite Goñi Irrati eta Audio zuzendariaren eskutik, eta irratietako profesionalen ordezkaritza zabalarekin.

"Gure programazioen atzean lan handia dago informatzeko, hezteko eta entretenitzeko. Gertatzen dena zorroztasunez kontatzeko, gizarte plural bati entzuteko eta kalitatezko edukiak eskaintzeko, betiere gertutasunetik eta zerbitzu publikoaren bokazioarekin. Hori da gure lana", azpimarratu du Maite Goñik. Denboraldi berri honetan, gainera, hiru norabidetan egingo dute aurrera EITBko irratiek: zuzeneko gehiago eta gertutasun handiagoa; formatu berriak, irrati bisualaren aldeko apustua indartuz; eta edukiak banatzeko modu berria.

Hori guztia lortzeko asmoz, EITB Irratiek eskaintza hurbil, plural eta kalitatezkoa dakarte, eta horren berri eman dute, irratiz-irrati, gaurko ekitaldian. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Euskadi Irratiko Iñaki Guridi, Maider Segurola, Mikel Rotaetxe eta Iñaki Berastegi; Radio Euskadiko Eider Hurtado, Maria Ruiz, Xabier Garcia Ramsden eta Edu García; Radio Vitoriako Aratz Goikoetxea, Eneko Aldekoa eta Ritxi Guerra; eta Gazteako Ibon Fernandez.

Maite Goñi

Euskadi Irratiak bere nortasunari eta entzuleekin duen harreman sendoari eutsiz ekingo dio denboraldi berriari. Programazioak azken urteetan erakutsi duen indarra eta oreka dira oinarri nagusiak, eta bide horretatik, kalitatezko berrikuntzak txertatuz jarraituko dute erreferente izaten.  Goizak gaurkotasunari lotuta hasiko ditu Euskadi Irratiak. Iratzargailua "Argi ibili" saioa izango da aurten ere; eta, ondoren, programazioaren zutabe nagusia den "Faktoria" etorriko da, albisteen azterketa zorrotzarekin, lehenik, eta gizartearen taupadak jasotzen dituen magazinarekin. Eguerdian, informazioaren sendotasunak eta hurbiltasunak jarraipena izango dute "Goizak Gaur" saioan, "Kultur Leihoa"ren kultura eskaintza zabala ahaztu gabe.  Denboraldiko berritasun aipagarriena arratsaldeko "Baipasa" saioan datza. Zazpi denboraldi arrakastatsuren ondoren, Olaia Urtiagak lekukoa pasatuko dio Mikel Rotaetxeri. Etapa berri honek aire berritua txertatuko du "Baipasa"n, programaren izaera moderno eta bizia galdu gabe. Iluntzeetan gaurkotasunaren analisia dator, "Mezularia"n; eta euskal sortzaileen ahotsak "Arratsean" saioan. Asteburuetan, berriz, "Amarauna" izango da magazin nagusia. Kirol eskaintzak bere indarrari eutsiko dio eta, aurten gainera, berritasun bat dakar: "Futboltegia", futbolari eskainitako analisi saio espezializatua, Euskadi Irratiko ohiko kirol programa nagusien osagarri gisa. 

Euskadi Irratia

Bere nortasunari eutsiz baina bultzada berri batekin ekingo dio denboraldi berriari Radio Euskadik. Euskal gizartearen topaleku izaten jarraituko dute "Boulevard", "Crónica de Euskadi", "Distrito Euskadi", "Ganbara" eta "Más Que Palabras" saio nagusietan: agenda informatiboa markatuz, aktualitatearen protagonista guztiekin, pluraltasuna bermatuz  eta gertatzen denaren berri momentuan bertan emanez. Irrati-urte honetan, gainera, pauso bat gehiago emango dute: goizeko hamarretatik aurrera "Boulevard" eraberritua zuzenduko du Maria Ruizek. Aktualitate eta entretenimenduari zabalduko zaion leiho berria izango da. Nobedadeak izango dituzte, halaber, kiroletan: estilo berria, kirolen erreferente izaten jarraitzeko. Programa tematikoen eskaintza eguneratu dute (musika eta literaturari lotuta, besteak beste) eta eguna ixteko zuzenekoa berreskuratuko dute, gaueko hamaiketan emango duten saio berri batekin.

Radio Euskadi

Radio Vitoriaren programazioaren ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, hiriburuko eta Arabako lurraldeko gertaera garrantzitsu guztiak biltzen baititu. Aratz Goikoetxeak goizetan zabalduko duen ahotsa izaten jarraituko du, azken ordu informatiboarekin eta Arabako figura nagusiei egindako elkarrizketekin. Alejandra Eguiluzek jarraituko dio goizeko magazinean, gertuko istorioekin eta entretenimenduarekin. Aktualitatea Estibaliz Mendiak gidatuko du 13:30ean "Araba Gaur". Lurraldeak bere lekua izaten jarraituko du "Herrian" eta Unai Ugarterekin, arratsaldero 20:00etan astelehenetik ostiralera. Nobedade nagusietako bat Gloriosetako partiden emanaldia izango da. Hori dela eta, Isabel Irigoyenek "Déjate Llevar" magazinaren aurrerapena egingo du goizeko 09: 00etan. Radio Vitoriak apustu sendoa egin du Arabako taldeen alde, batez ere emakume kirolarien alde. Horrela, emakumezkoen futbol taldearen partiden berri emateaz gain, Araskiren norgehiagokak ere eskainiko dituzte; eta Eneko Aldekoa eta Ritxi Guerra Alaves eta Baskonia taldeen ahotsa izaten jarraituko dute. Radio Vitoria hasi da prestatzen irrati bisualera jauzi handia egiteko, eta datorren urtearen hasieran egoitza berrira egingo du salto, EITBk Gasteizen duen garrantzia indartuko duen kokapen berri batera.

Radio Vitoria

Gazteak bere izaera biziari, gertukoari eta musikalari eutsiz ekingo dio denboraldi berriari, bere saio nagusiak sendotuz eta musika eskaintzari leiho berriak zabalduz. Goizetan, "Dida" izango da berriro ere erreferentzia nagusia, Julen Telleria buru dela, atal eta eduki berriekin. Arratsaldeetan, "GU" magazinak jarraituko du Alain Perez eta Maite Garmendiarekin, eta irrati-formulak ere funtsezko lekua izango du Gaztearen programazioan. Denboraldiko berritasun nagusietako bat "Panorama" izango da. Ibon Fernandezek gidatuko du 10:00etatik 12:00etara, eta Gaztearen musika eskaintza zabalduko duen saioa izango da, musika-hautaketan eta preskripzioan arreta berezia jarrita. Ildo horretan, denboraldi honetan musika-programa espezializatuen aldeko apustua ere indartuko dugu, Gaztearen musika eskaintza aberastu eta proposamen berriei lekua egiteko. Iluntzean, "B Aldea" saioak ere etapa berri bati ekingo dio: Gaztearen musika proposamen berezi, desberdin eta ez hain konbentzionalentzako tarteak Ainhoa Vitoria izango du bidelagun Julen Idigorasen alboan. Vitoriak, gainera, asteburuetako "Bitan" elkarrizketa saioan jarraituko du Sara Alonsorekin.

Gaztea

EITB Musikak bilakaera berri bati ekingo dio, Euskadiko helduentzako erreferentziazko irrati musikala izateko helburuarekin, musika-hautaketa eguneratuz baina gure memoria musikalaren parte diren abestiei uko egin gabe. Azken urteetako musikaren eta euskal musikaren presentzia handituko du, euskal musika-sorkuntzaren preskriptore gisa duen rola indartuz, baita GUAUn eta EITBren ekosistema digitalean duen presentzia ere.

Honek guztiak osatzen du EITBren irratien programazio berria: antenan bizi eta ibilbidea GUAUn zabaltzeko gaitasuna duten edukiak, EITBren audio-edukien erakusleiho nagusi eta nahieran kontsumitzeko gunean. Edukia eta zerbitzu publikoa erdigunean jartzen duen eskaintza, egunetik egunera urrunago iristeko eta pertsona gehiagorekin konektatzeko.

EITB IRRATIAK