Itxi

Iraila

KULT_opera: Ramon Lazkanoren 'La main gauche' lanarekin abiatuko da operaren hilabetea ETB2n

EITB

Leer en Castellano

Libretoa Jean Echenozen 'Ravel' eleberrian oinarrituta dago, eta Maurice Ravelen bizitzako azken urteak ditu ardatz. Cité de la Musique-Philharmonie de Paris aretoan egindako estreinaldia ikusgai izango da larunbat honetan, 11:00etan, ETB2n eta ETB ONen.

KULT_opera: 'La Main Gauche'

Bigarren urtez jarraian, iraila operaren hilabetea izango da ETB2n, eta lau lan entzutetsu eskainiko dira larunbat goizetan, "KULT_opera" espazioaren barruan.

Lehenengoa Ramon Lazkanoren La main gauche ganbera opera izango da, Pariseko Filarmonikotik. Jean Echenozen Ravel eleberrian oinarrituta dago, eta Ensemble Intercontemporain orkestrak taularatuko du, Peter Tantsits tenorea, Marie-Laure Garnier sopranoa eta Allen Boxer baritonoaren ahotsekin. Pierre Bleusena da musika zuzendaritza. La Main Gauche larunbat honetan izango da ikusgai, 11:00etan, ETB2n eta ETB ONen.

Ondoren, beste hiru lan iritsiko dira Euskal Telebistara, ABAO Bilbao Operarekin lankidetzan: Wolfgang Amadeus Mozarten Così fan tutte, 12an; Jules Masseneten Werther opera, irailaren 19an eta hirugarren pieza bat, hilaren 26an. Opera gizarteari hurbiltzea da ABAO eta EITBren arteko lankidetza honen helburua.