Itxi

Zinemaldia

EITBk eta Donostia Zinemaldiak aliantza sendotu dute Euskal Zinemaren Gala Handiari bultzada berri bat emanez

EITB

Leer en Castellano

Irailaren 22ko hitzordu handian, Jose Ramon Soroizi Zinemira Saria emateaz gain, Ana Díez eta Alauda Ruiz de Azúa zuzendariak eta Aitziber Garmendia aktorea nabarmenduko dituzte. EITB Egile Berriak Saria Alberto Gastesi gidoilari eta zuzendari donostiarrak jasoko du.

Prentsaurerkoaren irudia

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena aurkeztu dute prentsaurrekoan astelehen honetan (irailak 14). Bertan, halaber, Miren Gaztañaga aktoreak Euskal Zinemaren Gala Handiaren hurrengo edizioko sarien berri eman du.

Euskal Zinemaren Gala Miren Gaztañagak eta Ane Gabarainek aurkeztuko dute irailaren 22an, Victoria Eugenia Antzokian, eta ETBk eta ETB ONek zuzenean eskainiko dute. Aurretik, euskal zinemako eragile guztiek alfonbra hartuko dute ordubetez, eta une hori ere zuzenean eskainiko da kanal horietan. Ekitaldian parte hartuko duten aktoreak eta ikusiko ditugun lehen mailako emanaldiak gure zinemak bizi duen momentu bikainaren isla izango dira. Hain zuzen ere, horregatik da talentua aitortzea eta balioestea inoiz baino garrantzitsuagoa. Euskal zinemaren industria balioan jartzeaz gain, atzean dagoen talentu guztia aitortzeko garrantzitsuak dira: gidoi eta zuzendaritza lana, ekoizpen eta banaketa taldearena, eta talde artistiko eta tekniko guztiena.

Aurten, EITBk Egile Berriak Saria emango dio Alberto Gastesi donostiarrari, jakin-minak, sormenezko kezkek eta ikus-entzunezko eremu berriak esploratzeko etengabeko nahiak markatutako ibilbide zinematografikoagatik. "Alberto Gastesi saritzea bere ahotsa aurkitu duen ibilbide bat aitortzea da, baina baita oraindik deskubritzeke duen guztiarekiko jakin-mina bere horretan mantentzen duen sortzaile bat ere", adierazi dute EITBtik.

Gainera, beste bost sari emango dira. Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE Saria Alauda Ruiz de Azuak jasoko du, 2025eko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Los domingos film luzean egindako lanagatik. GIDOI elkarteak zinemagileak bere gidoian sakontasun psikologikoz betetako pertsonaiak nola garatzen dituen azpimarratu du, egunerokotasunetik jariatzen den eta eustearen eta esan gabekoaren zama maisuki maneiatzen duen istorio batean. Sari emaileen aburuz, "Los domingos gidoi idazketaren zehaztasun, heldutasun eta bikaintasunaren adibide ezin hobea da".

Era berean, Los domingos filmak aurtengo EZAE Saria jasoko du, zinema-aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena nabarmentzen duen golardoa. Bere arrakasta saritzeaz gain, zinema aretoetan euskal zinemaren alde egindako apustua aitortu eta eskertu nahi da.

Lehen aldiz, Euskadiko Filmategiak bere sari historikoa emango du Euskal Zinemaren Gala Handian. Ana Diez zuzendari nafarrak jasoko du garaikurra, euskal zinematekak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren babespean, Ander eta Yul (Ana Díez, 1989) zaharberritu ondoren. Euskal industrian emakume batek zuzendutako lehen film luzeak Zuzendari berri onenaren Goya Saria jaso zuen. Gure zinematografian funtsezkoak diren pertsonak nabarmentzen dituen Filmategiaren golardoa, aurretik, Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano zuzendariek jaso dute.

EAB Distira Saria Aitziber Garmendiarentzat izango da. Euskal Aktoreen Batasunak haren azken urteotako lanen bikaintasuna ez ezik, interpretazioarekiko zorroztasunez, talentuz eta konpromisoz eraikitako ibilbide sendoa ere nabarmendu ditu. "Egindako bideari balioa ematen dion aitortza da, eta, aldi berean, hazten jarraitzen duen aktore baten etorkizunari begiratzen dio", adierazi dute.

Azkenik, Zinemaldiak eta EPE IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Independenteen Elkartea) ematen duten Zinemira Saria Jose Ramon Soroizek jasoko du. Lau hamarkadatik gorako ibilbide profesional bikaina eta euskal zinemaren garapenean zein sendotzean izan duen ezinbesteko ekarpena aitortuko zaio.